Mendi bizikleta martxa larunbat honetan

Imanol Garcia Landa 2019ko urr. 3a, 11:58

Irrintzi elkarteak II. BTT Martxa antolatu du larunbat honetarako, Errebote plazatik abiatuta.

Bigarren urtez animatu dira Irrintzi elkartekoak mendi bizikletako martxa antolatzera. II. BTT Martxa larunbat honetan izango da, urriaren 5ean, eta berritasuna da aurtengoan bi ibilbide izango direla. «Aurreko urtekoa oso ondo joan zen, eguraldiak lagundu ez bazuen ere, eta berriz antolatzea pentsatu dugu», esan du Oier Larrañaga antolakuntzako kideak.

Iazkoaren ondoren, antolakuntzakoek ibilbide motzago bat jartzeko eskaera jaso zuten zenbait parte hartzaileren aldetik, eta horregatik daude aurten bi aukera. Luzea, 38 kilometrokoa, iazkoari hiru kilometro gehituz osatu dute, eta 1.400 metro izango ditu maldan gora. Motza 28 kilometrokoa izango da eta maldan gora 1.000 kilometro ditu. Bi ibilbideak Villabonako Errebote plazatik abiatuko dira, eta tarte handi bat partekatuko dute. Belabieta eta Belabieta txikitik pasa ondoren, Onddo borda jaitsi eta hortik gutxira bananduko dira ibilbideak: luzeak Loatzo aldera joko du, eta motza Villabonara abiatzen da zuzenean. Bi anoa gune izango dira: 15. kilometroan, janari eta edariekin, eta Loatzon, edariekin. Bukaeran, jatekoa eta edatekoa ere izango dute, eta hainbat produktu zozkatuko dituzte.

BTT Martxan izena emateko bi aukera daude. Batetik, www.kirolprobak.com webgunean, federatuek 15 euro eta federatu gabeak 18 euro ordainduz, eta, bestetik, Irrintzi elkartean egunean bertan, federatuek 18 euro eta federatu gabeak 20 euro ordainduz. «Antolakuntzatik nahiago dugu internet bidez egitea izen ematea, aurretik kopuruen berri jakiteko», esan du Larrañagak. Bestalde, gogora ekarri dute ez dela lehiaketa, martxa bat dela, eta ez dela sailkapenik izango.

Haurrei begira ginkana antolatu dute egunean bertan, 10:30etik 12:30era, Errebote plazan. Bost urtetik gorako haurrek parte hartu dezakete eta kaskoa eramatea derrigorrezkoa da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!