Klimaren larriaz kezkatuta

Jon Miranda Labaien 2019ko ira. 27a, 09:39

Amasa-Villabonako Udalak gaurko antolatuta dauden mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu herritarrak. 

Amasa-Villabonako Udalak ofizialki larrialdi klimatiko egoera deklaratu du, eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko neurri eta konpromiso zehatzak hartu ditu, asteartean osoko bilkuran udal gobernuak proposatutako mozioa onartu eta gero.

Besteak beste, udalak aldaketa klimatikoa eragiten duten faktoreen inguruko diagnosi bat osatu, eta Jasangarritasun Energetikoaren Legearen garapena ziurtatzeko lan bat egingo du, zortzi hilabeteko epean. Horrekin batera, udalak prozesu parte hartzaile eta zabal bat bat abiatuko du, herritarrekin eta herriko eragileekin, 2020. urtean klima aldaketa eragiten duten faktoreak gutxitzeko herri plangintza bat osatzeko.

Mobilizazioekin bat

Amasa-Villabonako Udalak bat egin du, larrialdi klimatiko egoera dela medio, bereziki mundu osoko gazteriak bultzatutako gaurko nazioarteko grebarekin, eta herritar guztiak animatu ditu Euskal Herrian edota Gipuzkoan izango diren mobilizazioetan parte hartzera. Asteartean eztabaidatu zen mozioan, protestekin bat egiterako deia luzatzen den puntuaren aurka bozkatu zuten, EAJ eta PSE-EEko zinegotziek. Patxi Agirre jeltzaleak aipatu zuenez, «klima aldaketaren aurka lan egin behar denean, ez du zentzurik greba deitzeak». Gainerako puntu guztiak aho batez adostu zituzten udalean ordezkaritza duten alderdiek.

Horrenbestez, udalak herritarrei larrialdi klimatikoak duen garrantziaz ohartarazteko eta gai horiek eskatzen duen gizarte sentsibilizazioan sakontzeko helburuarekin, bi jarduera antolatu ditu gaur. 18:30ean, Antes que sea tardedokumentalaren emanaldia izango da, Gurea zineman. Leonardo di Caprio aktore ezagunak eta Martin Scorsese produktoreak ekoitzitako dokumentala da, National Geographic katearentzat. Sarrera doakoa izango da. Bestalde, 21:30ean, herriko argiteria publikoa 10 minutuz itzaliko dute, mundua larrialdi klimatikoan dela irudikatzeko. Udalak herritarrak deitu nahi ditu egitasmo horrekin bat egitera, eta 10 minutu horietan etxeetan ere argiak itzalita mantendu ditzaten.

2018ko azaroan, Nazio Batuen Ingurumen Panelak aditzera emandako txostenari egiten dio erreferentzia asteartean onartutako mozioak. Txosten horrek egoera larria dela ohartarazten du, esfortzuak areagotzen ez badira hondamendira goazela azpimarratuz. Amasa-Villabonako Udalak uste du «zibilizazio erronka baten aurrean» gaudela, eta aurrez aurre Eusko Jaurlaritzaren eragin esparru eta ahalmenak gainditzen dituen lanak izanik ere, «partekaturiko esfortzu bat» eskatzen duela. «Prozesu honek gure jendartean inplikazio askotarikoak eta sakonak ekarriko ditu, bai ehun produktiboan, bai mugikortasunean, bai lurralde antolamenduan, eta horregatik deritzogu pauso azkar eta eraginkorrak ematea ezinbestekoa dela». Larrialdi klimatiko egoera deklaratzeko eskatu dio udalak Eusko Jaurlaritzari.

GUTUNA

"Klima larrialdia dela eta"

Anoetako EH Bildu udal taldeak bat egiten du gaurko klima aldaketaren aurka deituta dauden mobilizazioekin.

Gaur nekazaritza politika bateratuen inguruko jardunaldietan gaude, klima aldaketaren aurka ere elikadura sistema osasuntsuak eta landa eremu biziak lortzea ezinbestekoa delako.

Asteleheneko ohiko osoko bilkuran, klima aldaketaren aurka konpromiso zehatzak hartzeko mozioa aurkeztuko dugu, iruditzen zaigulako larrialdi klimatiko baten aurrean gaudela eta zibilizazio bezala erronka bat dugula. Lehen mailako kezka bihurtu da gaia, bereziki gazteentzako, ez bakarrik larrialdia, baita gaiari ematen zaion erantzun politiko eskasa ere.

Anoetako EH Bildu udal taldea, Anoeta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!