"Berriro sentitu nuen beharra, barruan nuena musikaren bidez askatzeko"

Jon Miranda Labaien 2019ko ira. 27a, 19:59

Amasako elizan, eta udazkenari ongi etorria emateko antolatu den kontzertu akustikoan arituko da, bihar, 20:00etan, ondoan Urbil Artola eta Gorka Urra dituela. 

Gazte zela hasi zen musika munduan Maider Zabalegi (Oiartzun, 1976), Alaitz Telletxearekin bikote eginda. Dozena bat urteko etenaren ostean, 2017an Zueidiskoa kaleratu zuen eta aurten Bideanizenekoarekin dator.

Maiz eskaintzen al dituzu kontzertuak formatu akustikoan?

Orain arte talde guztia aritu gara, sei kideak elkarrekin. Beste kontzertu mota batzuk eman ditugu, agertoki handiagoetan. Neguari begira, formatua aldatu dugu. Bagenuen gogoa zerbait goxoagoa eta gertuagokoa egiteko. Formatu akustikoak ematen du horretarako aukera.

Aurten argitaratu duzu Bideandiskoa. Bertan jasotako kantuak eskainiko dituzu biharko kontzertuan?

Bi diskoetako kantuekin osatu dugu errepertorioa, formatu akustikora gehien egokitzen direnekin. Lehen, garai batean, Alaitzekin nenbilela sortutako kantuak ere izango dira.

Ondoan Urbil Artola eta Gorka Urra izango dituzu.

Ni Alaitzekin nenbilela, Mikel Errazkinekin harremana izan genuen, eta bere bidez Urbil ezagutu genuen. Urte asko dira elkar ezagutzen dugula. Bakarkako musika ibilbideari berriro ekin nionean, beste inori baino lehenago hots egin nion berari. Niretzako babes handia izan daUrbil. Aldiz, Gorka ia ez nuen ezagutzen, nahiz eta oiartzuarra izan eta nire etxetik 60 metrora bizi. Azkeneko lanean niretzako ezinbestekoa izan da bere parte hartzea. Musikalki ezberdinak dira: Urbilek folk kutsu handiago du, soinu gardenagoak ditu eta Gorkak, berriz, tonu gogorragoak. Nik uste dut bi soinu horiek barruan daramatzadala eta beraiengan topatu dut hori kanporatzeko modua. Luxu bat da bi lagun hauek alboan edukitzea.

Zein da bakarkako zure bi lanen arteko aldea?

Oso prozesu jarraitua izan da. Lehen diskoa bukatzen ari ginela, taldekideek esaten zidaten gelditzeko, emari izugarria nuela. Hortaz, orduko kantuak sartu ditugu bigarrengoan. Bideandiskoan Urbil eta Gorka izan ditut ondoan, moldaketetan-eta beraien ukitua nabari da. Lehenengo diskoa ekoizpen askokoa zen, eta bigarren lana gehiago da zuzenekotan eskaintzen duguna. Nirea sentitzen dut, hasieratik bukaerara egon bainaiz prozesuan.

Zer da zure kantuekin eskaini nahi duzuna?

Hitzetan, denok bizi ditugun gaiak aipatzen ditut: adinari dagozkionak, bizitzan denok bizi ditugun doluak, maitasuna, haur motxiladunena, errefuxiatuen gaia... Baten batek pentsa dezake kontu tristeak direla, baina kontua askotan da nola irakurtzen ditugun gauzak, zein begiradatik. Nik behin kantuetan kanporatzen ditudanean, beste modu batera ikusten ditut.

1990eko hamarkadan Alaitz Telletxearekin batera plazaz plaza ibili ondoren, isilune luzea egin duzu. Zergatik erabaki zenuen itzultzea, duela bi urte?

Oso gazte hasi nintzen musika munduan, 14 urterekin. Iritsi zen garai bat non ez nuen zirrararik sentitzen. Agertokira igotzea, etxeko komunera joatearen antzekoa zen. Nekatuta bukatu nuen. 12 urte pasatu ditut musikatik erabat urrunduta. Tarte horretan, egia da, dolu prozesu batzuk pasatu nituela, azkena aitonarena. Hor berriro sentitu nuen beharra, barruan nuena musikaren bidez askatzeko. Berriz konposatzen hasi nintzen, eta goizaldean esnatu eta sortu eta sortu egiten nuen. Barruak husteko nire bidea da musika. Hasi naiz berriz, eta ezin gelditu.

Nola gonbidatuko zenituzke eskualdeko herritarrak biharko emanaldira?

Momentu oso polita pasatuko dugu. Ez dut askotan jo izan elizetan, baina izugarri gustatzen zait horrelako lekuetan aritzea, akustika oso berezia dutelako. Han ikusiko dugu elkar.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!