Modernoak gu?

Erabiltzailearen aurpegia Alazne Apalantza 2019ko ira. 22a, 08:59

2019ko udaberri amaiera. Zortzi bikote ezezagun, gela goxo batean, hizlariak dionari adi entzuten. Ez da osasun konferentzia bat, ez da ekonomia arloko hitzaldi bat… Erditze aurreko prestakuntza saio bat da.

Bai, gaur egun haurdunaldia, erditzea eta erditze ostea fisikoki eta emozionalki prestatzeko hainbat formatu ditugu. Emaginek, psikologoek, ginekologoek, prestatzaile fisikoek, nutrizionistek eta, besteak beste, fisioterapeutok bat egin dugu, neurozientziak azaldu duen moduan, hain garrantzitsua den etapa honetan zainketa integral bat osatzeko. Ze ideia modernoa, ezta?

Eman iezaiozu begiratu bat egoerari, ordea… Modernoak gu? «A ze txorakeriak, gure garaian ez zen horrelakorik eta berdin berdin erditu eta hezi zaituztegu», esango digu amak. Ez, ez gara modernoak, ideia bera atzerakoia dela esango nuke. 2019an, norbaitek lagundu behar al gaitu gure senarekin konektatzen, oinarri-oinarrizko prozesu natural bat ulertu eta beldurrik gabe bizitzen? Gure amonek bazituzten beren beldurrak: zenbat haur etorriko ote dira, noiz jaioko ote dira, aurrera egingo ote du, aurrera egingo ote dugu… Baina, ziur nago, ez zutela inongo zalantzarik beraien erditzeko gaitasunaz. Zer gertatu zaigu ba, belaunaldi bat tarteko, erditu ahal dugula sinesteko klase batzuetara joan beharra sentitzeko?

XX. mende hasieran erabateko aldaketak izan ziren, erditzeak artatzerako orduan. Ordura arte etxean artatuak ziren erditzeak ospitaletan artatzen hasi ziren. Ordura arte emaginenak ziren erditzeak medikuen eskuetara pasatu ziren. Eta, ordura arte ez bezala, besteak beste, episiotomia errutinaz burutzen hasi ziren, 1920tik aurrera, inongo ebidentzia zientifikorik gabe. Deigarria da, halaber, medikalizazio prozesu honetan, medikuak gizonezkoak izatea. Botere eta menpeko harremanak, beste behin, begi bistan. Gizonak arre, emakumeak so. Eta, horrela, konturatu gabe, urteak aurrera, prozesu fisiologikoena patologiko bihurtuta. Emakumeak diseinuz duen gaitasun izugarriena zapalduta, ohe batean etzanda, lotuta, anestesiatuta, moztutako aluak, irekitako sabelak…

Eta hemen gaude bikote moderno gazteak, edo ama bakarrik izatea erabaki duten emakumeak, hizlari bati, besteari eta erreferentziazko sei libururi, etekina atera nahian. Informazio gehien duen belaunaldia, bere gorputzaren prozesuekiko erabat deskonektatuta, eta aurrekoek bizitako esperientzia gogor askoren motxila garraiatzen. Baina dena ez dago galduta: belaunaldi honi argia piztu zaio, aurrekoek zuten senarekin bat egin nahi du, zera hori berreskuratu nahi du, eta hori da lehen pausoa datozen belaunaldiak aldatzeko.

Alda dezagun gorputzaren berezko prozesuez hitz egiteko modua, alda dezagun sexualitateaz hitz egiteko modua, hezi dezagun gorputzetik eta naturaltasunez. Agian horrela, gure seme-alabek barre egingo digute, beraiek mundura ekartzeko konfiantza irabazteko ikastaro bat egin genuela kontatzen diegunean. «Ze modernoak ginen!».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!