Mimoz goxatutako txokoa

Irati Saizar Artola 2019ko ira. 20a, 11:58

Zortzi hilabetez itxita egon ondoren, irailaren 5ean zabaldu zituen ateak Amasako Iturrigoxo jatetxeak.

Badaki zer den ostalaritzan jardutea Idoia Murillo billabonatarrak. Hemezortzi urte daramatza mundu horretan lanean, eta beste etapa berri bati eman dio hasiera: Amasako Iturrigoxo jatetxeko ateak zabaldu ditu, iraila hasieran. Ordutik, buru-belarri ari dira lanean.

Pasa den urteko abendutik itxita egon da Amasako plazan dagoen jatetxea. Abuztuaren 12an amaitu zen jatetxearen ustiaketa esleitzeko prozesua, eta Murillo izan da lehiaketa publikoa irabazi eta jatetxe-taberna ustiatzeko ardura hartu duena.

Aurretik zerbitzari lanak egiten ibilia zen Murillo, Iturrigoxo jatetxean bertan; ezagutzen zuen nolakoa zen tabernako martxa. «Zortzi hilabetez egon da itxita taberna, eta herritarrak irekitzeko gogoz zeuden», azaldu du. «Orain, eguneroko bezeroak mimoz goxatzen ditut».

Astean zehar eguneko menua ematen dute, eta asteburuetarako eskaintza zabalagoa dute: ogitartekoak, sandwichak, hanburgesak eta plater konbinatuak eskaintzen dituzte, alde batetik, eta asteburuko menua ere eskaintzen dute, bestetik.

Deskantsurako denbora astearteetan hartzen dute eta, gainerakoan, egunero dute irekitzeko ardura. Astelehenetik ostegunera, 10:00etatik 21:00etara, zabalik izaten da. Asteburuetan, berriz, afalostera bitarte.

Bertakoaren alde

Produktuari garrantzi berezia eman nahi diote, «mimoz landu», hortik ateratako platerek jendea liluratzeko: «Bertako produktuarekin egin nahi dugu lan, baserritarrekin. Adibidez, momentu honetan eskuartean ditugun barazki guztiak Amasako eta Arratzain auzoko baserritarrenak dira». Baserritarrek daukatena eskaintzen diote, eta Murillok behar duena hartzen die.

Gertutasuna, bai afektiboa, baina baita fisikoa ere, zenbait garaitan ondo datorrela azaldu du: «Estualdiren bat izan dugunetan beti egon dira hor, eta momentuan bertan ekarri izan didate behar dudana».

Sukaldeko suak pizten direnean, menurako bereziki, «plater tradizionalak» egiten dituztela azaldu du, momentuz. «Hasi, tradizionalarekin egin gara, baina aldatzen joateko intentzioa daukagu». Ogitarteko eta hanburgesa aukeretan, «eskaintza bereziagoa» osatu dutela argitu du.

Hasi berri dira jatetxearen egunerokoarekin, eta martxa hartzen ari dira oraindik. Buruan, ordea, pentsatuta dituzte aurrera begirako planak; besteak beste, mokadu bereziren bat sortzearena: «Nahiko genuke plater berezi bat sortu eta jendeak esan dezala: hau jan nahi badut Amasara joan beharko dut».

Bestalde, «ikuspuntu kultural» bat eman nahiko lioke zerbitzuari. Jatetxeari erantsita dagoen eraikina kultur etxea da, eta jantokiarekin komunikatuta areto bat dago. «Eskumena dugu gela hori erabiltzeko, eta gu prest gaude kontzertuak, antzerkiak eta ekitaldi kulturalak jarri eta erabilera bat emateko». Negu aldean, umeentzako eskulan tailerrak edo horrelako egitasmoak ere gustura hartuko lituzkeela dio.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!