Begirale titulua ateratzeko bilera egingo dute Villabonan

Ataria 2019ko irailaren 13a

Begirale titulua ateratzeko interesa dutenek, astelehenean, 16:00etan, Zubimusuko bilerara bertaratu beharko dute. Aisolan Ikastolen Elkarteko Begirale eskolan begirale titulua lortu nahi duten gazteei zuzenduta, bilera informatiboa egingo dute datorren astelehenean, irailaren 16an, Zubimusu Ikastolaren Txermingo eraikineko jangelan, 16:00etan.

Ikastaroan izena emateko ez da nahitaezkoa ikastolako bazkidea izatea, denei zabalduriko eskaintza dela azaldu dute antolatzaileek. 150 teoria orduk eta beste 160 praktika orduk osatzen dute ikastaroa, eta horiek egitean eskuratuko duten ziurtagiri profesionala honakoa izango da: Haurren eta Gazteen Aisialdiko Jardueren Dinamizazioa.

Ikastaroaren datak zehaztu gabe daudela azaldu dute, baina bi aukerekin jarraitzea da asmoa: bigarren batxilergoan daudenei, ikasturte batean egiteko aukera emango diete, eta 1. batxilergokoei, bi ikasturtetan.

Ikasleek ordu teorikoak Zubimusu Ikastolan bertan emango dituzte eta Ikastolen Elkarteko udalekuetan egingo dituzte praktikak. Bestalde, Aisolak zuzendari titulua lortzeko ikastaroa ere eskaintzen du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!