Sagardoarekiko irrika berreskuratzen

Irati Saizar Artola 2019ko ira. 13a, 15:59

Iraila amaitu artean, Euskal Herriko V. Sagardo Txapelketa Herrikoia jokatuko dute. Lau finalaurreko eta finala izango ditu lehiak eta, besteak beste, eskualdeko bi herri zapalduko dituzte finalaurrekoek: Aduna eta Lizartza. Gaur izango da sagardoak epaitzeko lehen eguna, Adunako frontoian, eta bihar egingo dute bigarren saioa, Lizartzako Txirrita elkartean.

Euskal Herriko sagardorik onena zein izango, nork egingo, hortxe erronka. Bosgarren urtez antolatu du txapelketa Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak. 42 sagardotegik hartuko dute parte, gaur hasi eta irailaren 28an amaituko den lehian, eta horietatik lau Tolosaldeko sagardotegiak izango dira: Aburuza, Eguzkitza, Goikoetxea eta Zabala.

Badu berezitik txapelketa honek. Lau finalaurreko eta finala dituzte aurretik, eta otordu baten bueltan epaitu ohi dituzte sagardoak. Aurten, eskualdeko bi herritan egingo dituzte finalerdiak: Adunan eta Lizartzan. Adunan gaur bertan egingo dute afaria, 20:00etan, frontoian. Lizartzan, berriz, bihar egingo dute bazkaria, 14:00etan, Txirrita Elkartean. Gainerako bi finalerdiak Orion eta Zornotzan izango dira, irailaren 20an eta 21ean. Finala, berriz, irailaren 28an ospatuko dute, Usurbilgo Ergobiko plazan.

Txapelketa honen berezitasun nagusiena da, epailea edonor izan daitekeela; otorduetara joateko aldez aurretik txartela erosi duen horixe bera izango da, sagardoa dastatu eta puntuatuko duena. Olatz Mitxelena Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzaileak azaldu duenez, «otorduaren bueltan esertzen da jendea, eta 10-11 sagardo ezberdin ateratzen ditugu mahaira. Horiek dastatu, eta beraien irizpide eta gustuen arabera puntuatzen dituzte».

Ez da aditua izan behar, beraz, epaile lanak egiteko. Gainera, sagardogile bati zerk axolako dio gehiago, aditu batek esango dionak ala kontsumitzaileak? Mitxelenaren ustez, sagardogilearentzat bi iritziak dira garrantzitsuak: «Azken batean, adituen iritzia baliagarria da zure sagardoaren parametroak nondik nora doazen jakiteko, baina azken kontsumitzaile hori da ondoren sagardoa edango duena, beraz, biak dira aberasgarriak».

Pentsa daiteke, ordea, edozein herritar epaile izanda, zaporea soilik hartuko duela kontuan, baina Mitxelenaren ustez, «jendeak uste baino sagardo mota gehiago du aurrez edana eta, egun horretan, modu kontzientean edaten du jendeak. Uste baino aditu gehiago ateratzen dira horrelako egunetan».

Zaporea, kolorea eta usaina. Berez, horiek dira sagardoa epaitzerakoan kontuan hartu beharreko hiru ezaugarriak. Hala ere, txapelketa horretan ezaugarriak ez dira bakarka bereizten, puntuazio orokorra, bakarra, ematen zaio sagardo bakoitzari.

Botilak etiketarik gabe aurkeztu ohi dituzte, beraz, jendeak ez du jakingo zein sagardotegitako sagardoa edaten ari den. Bestalde, mahai bakoitzean puntuazio orri bat egoten da, mahaikideek sagardoa dastatzean puntuatu ahal izateko. 5etik 10erako zenbaki bat idatzi behar izaten dute.

Otorduan bertan, sagardo guztiak aldi berean dastatu ahal izateko sistema bat dute: «Lehen platerarekin sagardo guztiak dastatzen dira: mahai bakoitzeko sagardo ezberdin bat uzten dugu eta, ondoren, txandatu egiten ditugu». Sagardo guztiak momentu berean dastatzeko gai egotearen arrazoia honakoa dela azaldu du Mitxelenak: «Lehenengo tragoa, jendeak esan moduan, gusturen edaten dena izaten denez, sagardo guztiek daukate aukera lehen trago hori izateko, sagardo guztiak aldi berean dastatuz».

Finalaurreko bakoitzean, lehen bi puntuazio altuenak dituzten sagardotegiak automatikoki pasatuko dira finalera, eta gainontzeko sagardoak puntuazioaren arabera sailkatuko dira, hurrenez hurren. Guztira, 12 sagardotegi iritsiko dira finalera. Finalaren ondoren, finalistak izan diren sagardogileen berri soilik emango dute; gainerakoak, alfabetikoki ordenatuta argitaratuko dituzte.

Jan-edanaren bueltan

Sagardo trago baten eta beste baten artean, zer hobe, mokadu bat egitea baino. Eta sagardoari puntuazioa emateko bada, gainera, are gehiago. Horretarako egiten dute txapelketa, otorduaren bueltan. Edateko, bertako sagardoa izaten dute, eta jateko ere bertako produktuak erabiltzea gustatzen zaiela aitortu du Mitxelenak. «Txomin Parrilla eta bere lantaldearen bidez, eta Diametro200 eta bertako sukaldarien eskutik egiten dugu otordua, eta produktuak bertakoak dira: besteak beste, Lumagorri, Urkaiko, Euskaber, Barrenetxe barazkiak... Guztia bertako produktuekin egiten saiatzen gara». Gipuzkoako Sagardogileen Elkartean, Basatxerrik eta Lurlan Elkarteak elkarlanerako proiektu bat dute, eta hura hartzen dute oinarri sagardoarekin egokien uztartzen diren platerak aukeratzerako garaian.

Gaur Adunan eta bihar Lizartzan, honakoa izango da menua: Basatxerri urdaiazpikoa eta txorizoa, entsalada, ajoarrieroa, Basatxerri xolomoburua eta Idiazabal gazta irasagarrarekin.

Eskualdeko bi herri zapalduko ditu aurtengo txapelketak, baina edozein izan zitekeen. Mitxelenak dioenez, ez dute batzuek besteek baino lehentasun gehiago. «Normalean, udaletatik edota elkarteetatik jasotzen ditugu eskaerak, haien herrietan otorduak egiteko, eta guk, gure aldetik, lantalde aktibo bat soilik eskatzen dugu». Lehen hartu-eman horretan, sagardo elkarteak ikusten badu atzetik lantalde sendo bat dagoela, hurrengo pausoak ematen dituzte. «Beraiek interesa dutela erakusten badute, guretzat hori lasaitasunaren eta arrakastaren lehen pausua da, izan ere, ez da erraza kanpoko eragile bat horrelako herri batean sartzea, zerbait antolatu nahi duzula esanez», dio Mitxelenak. Herrietako lantaldeen presentzia «ezinbestekoa» dela adierazi du, «bai egunean bertan zerbitzatzeko, baita ahoz ahoko lana egiteko ere».

Giro aparta sortzen dela ziurtatu du, orain arte egin dituzten txapelketa guztietan. Gainera, herri bakoitzeko puntuazioari begira jarrita, antzeman egiten omen dute herri horretan zein sagardo mota den gogokoen. «Herri batean, adibidez, gozoagoa den sagardo batek nabarmen lortzen ditu puntu gehien; beste batean, ordea, garratz ukitua duenak irabaziko du, alde handiarekin; benetan bitxia izaten da hori».

Txapelketaren garrantzia

Aurten, bosgarren aldiz jokatuko dute txapelketa. Historikoki horrelako txapelketak egin izan dira, eta orain sare hori berreskuratzea da asmoa, Mitxelenaren ustez. «Guretzat garrantzitsuena da, kontsumitzaileen artean sagardoarekiko irrika hori berriro bueltatzea, eta jendeak sagardoa ilusioz gozatzea».

Sagardoa produktu herrikoia izan da, betidanik. Mitxelenaren hitzetan, «batez ere, Gipuzkoan kultura handia daukagu produktu honekiko, etxe askotan egin izan delako, mende luzetan». Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea lanketa bat egiten ari da, egun, sagardoak daukan herritar izaera horri berriro balioa eman, kultura ezagutu, eta transmisio hori ahalik eta txukunen egiteko. «Txapelketako afari edo bazkari horietan sagardoarekiko sortzen den irrikak, sagardoaren inguruko konbertsazio horiek eta iritzi emate horiek, mesede egiten diote produktuari, eta izugarri polita da». 

FINALAURREKOAK FINALA

IRAILAK 13, ADUNA

20:00etan, frontoian

IRAILAK 14, LIZARTZA

14:00etan, Txirrita elkartean

IRAILAK 20, ORIO

20:00etan, Aldapa elkartean

IRAILAK 21, ZORNOTZA

20:00etan, Edurmendi elkartean

IRAILAK 28, ASTIGARRAGA

20:00etan, Ergobiko plazan

 

PARTE HARTZAILEAK

ABURUZA (Aduna) AGINAGA (Usurbil) AKARREGI (Hernani) ALBERRO (Hernani) ALORRENEA (Astigarraga) AÑOTA (Azpeitia) ARAETA (Zubieta) ASTARBE (Astigarraga) ASTIAZARAN (Zubieta) BELTZENIA (Urruña) BEREZIARTUA (Astigarraga) CALONGE (Donostia) EGILUZE (Errenteria) EGUZKITZA (Tolosa)EKAIN (Zestoa) ETXEBERRIA (Astigarraga) EULA (Urnieta) GAZTAÑAGA (Andoain) GOIKOETXEA (Lizartza)IPARRAGIRRE (Hernani) IRIGOIEN (Astigarraga) ITXASBURU (Hernani) IZETA (Aia) LARRARTE (Astigarraga) LARRE-GAIN (Hernani) LIZEAGA (Astigarraga) OIANUME (Urnieta) OIALUME ZAHAR (Astigarraga) OIARBIDE (Astigarraga) OIHARTE (Zerain) OLA (Irun) ORDO ZELAI (Oiartzun) OTSUA ENEA (Hernani) PETRITEGI (Astigarraga) REZOLA (Astigarraga) RUFINO (Hernani) SATXOTA (Aia) SETIEN (Urnieta) TXIMISTA (Ordizia) URDAIRA (Usurbil) UXARTE (Zornotza) ZABALA (Aduna).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!