Elkarteen arteko lehia: isats gisatu goxoena nork prestatu

Irati Saizar Artola 2019ko irailaren 12a

Irrintzi Elkarteak antolatuta, azoka berezia ospatuko dute larunbatean, Villabonan; Aiztondoko zortzi elkartek hartuko dute parte Isats Gisatuaren XXIV. lehiaketan.

Iristear da Villabonako Irrintzi Elkarteak urtero antolatzen duen azoka berezia. Irailaren 14an izango da, larunbatean, Txermin auzoko Zubimusu ikastolaren egoitza azpian. 09:30etik 14:00etara ospatuko da eta, tartean, Aiztondoko elkarteen arteko XXIV. Isats Gisatu lehiaketa ere egingo dute.

Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa, Iparralde eta Erriberatik etorritako postuak izango direla azaldu du Mikel Ayestaran Irrintzi Elkarteko lehendakariak: «Denetarik egongo da: herriko merkatariek ere postuak jarriko dituzte, eta gozoak, frutak, gazta, ogia, kontserbak, bitxiak eta bestelako produktuak eskuratzeko aukera egongo da» .

Momentuz, 35 postu inguru jarriko dituzte eta horietatik hiru hoberenek saria jasoko dute. Goizean zehar, «nahi adina pintxo eta edari» izango direla baieztatu du Ayestaranek.

ISATS GISATU HOBERENA

Aurten ere jarraipena emango diote Isats Gisatu lehiaketari, eta aurtengoa hogeita laugarrena izango da. Aiztondoko zortzi elkarte ezberdinek hartuko dute parte edizio honetan: Zunbeltz, Behar Zana, Urkamendi, Txulobi, Aiztondo, Ubane, Beertoki eta Irrintzik. Iazko edizioan, Behar Zana elkartea izan zen gisatu goxoena prestatu zuena, eta aurten ere ez da lehiarik faltako.

Epaile lanetan, sukalde munduari lotutako lau herritar arituko dira: Arantxa Goia, Elena Lazkano, Eneko Amondarain eta Gorka Eguren. Hauen lana, 12:00etan hasiko da eta balorazioak amaitu ostean ekingo diote sari banaketari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!