«Olinpiar Jokoetarako sailkatzea da orain erronka»

Iñigo Terradillos 2019ko ira. 4a, 19:59

50 kilometroko Munduko Txapelketa irabazi du billabonatarrak, eta orain maratoian duen denbora hobetu nahi du, hurrengo urteko Olinpiar Jokoetan parte hartu ahal izateko.

Marka berria ezarri du Iraitz Arrospide lasterkariak (Villabona, 1988) igandean, 50 kilometroko Munduko Txapelketa irabazita. «Oso pozik» lortutakoarekin, maratoian denbora hobetu eta hurrengo urteko Olinpiar Jokoetarako sailkatu ahal izatea du orain jomugan.

Ezustea eman duzu beste behin.

Sentsazio oso onarekin nago. Amets batean bezala sentitzen dut neure burua. Igandean lortutakoa handia izan zen, eta sinestu ezinik nago oraindik.

Egindako denborarekin (2:47:41) marka ezarri duzu.

Espainiako errekorra eta Europakoa lortu ditut. Pozik nago nahiz eta igandeko proban marka edo denbora baino postua zen lehentasuna. Denbora ona izan zen, baina kontuan hartuta lasterketa nolakoa izan zen eta egin zuen eguraldia, batez ere postuarekin geratzen naiz.

Nola joan zen ba lasterketa?

Munduko txapelketa bat izan daitekeen moduan, hasiera nahiko lasaia izan zen. Parte hartzaileen helburua, nirearen moduan, postu on bat lortzea zen, eta lasterketa erdira arte erritmo lasaian joan zen. Hortik aurrera, pixkana azkartuz joan zen, beraz, azken hamar kilometroetan ahalik eta gehien azkartu beharra izan nuen erritmoa lehen postuan iristeko.

Lehendabiziko aldia zenuen, gainera, distantzia horretako proba batean.

7-8 maratoi baditut eginak, baina, lehen aldia nuen distantzia honetan, eta izugarria izan da. Espainiako Federazioak, maratoian nuen marka kontuan hartuta, munduko txapelketa honetan parte hartzeko aukeratu ninduen. Niretzat aukera ezinhobea zela ikusi nuen. Pasa den urtean Europako Txapelketan parte hartu nuen maratoian, eta aurten, berriro ere, nazioarte mailan lehiatzea oso handia zen. Gainera,txapelketa honetan emaitza on bat lor nezakeela ikusten nuen.

Zuretzat berriak diren probetan emaitza onak lortzera ohitzen ari gara.

Egia esan, maratoian oso ondo joan zait, eta 50 kilometroko proban ezin nuen hasiera hobea izan. Hori bai, beti ez dira gauzak nahi bezala irteten, eta hori ere buruan eduki behar da. Oraingoan, behintzat, disfrutatzea egokitzen zait, eta etorriko dira egun okerragoak.

Iraileko Munduko Atletismo Txapelketan izango al zara?

Urteko helburuetako bat hori nuen, Dohako Txapelketan parte hartzea, maratoian. Baina, ez nuen lortu bertan lehiatu ahal izateko denbora egitea, eta hori ere izan da 50 kilometroko txapelketan parte hartu izanaren arrazoietako bat. Aurten jarriak nituen helburuak aldatu beharra izan ditut, eta Munduko txapelketan maratoian parte hartu ordez, 50eko proban aritu naiz.

Valentzian izango zara maratoian.

Urtea bukatzeko maratoia egiteko helburua dut. Bertan nire denbora hobetzen saiatuko naiz, gutxieneko olinpikora heltzeko.

Zenbat hobetu behar duzu denbora?

Nire kasuan, ia bi minutuan hobetu beharko nuke nire denbora Olinpiar Jokoetarako eskatzen denera ailegatzeko. 2 ordu, 11 minutu eta 30 segundoko denbora egin behar da, homologaturiko edozein maratoitan. Horregatik, maratoi egokia aukeratzea da gakoetako bat, eta hori norberaren esku dago. Horrekin batera, nire kasuan, Espainiako lehen hiru denbora onenetan egon beharko nuke sailkatu ahal izateko. Oso zaila da, baina, itxaropena daukat. Helburuak eta erronkak jartzeko daude, eta borrokatu egin behar dira.

Nola aldatu da zure bizitza lasterketen munduan hasi zinenetik?

Asko aldatu da. Aldaketa pertsonala baino, bizimodua aldatu zait. Nire egunerokoa aldatu da, izan ere, maila horretan entrenatzeak sakrifizio handia eskatzen du. Egunero bi edo hiru orduko denbora eskaini behar izaten diot, eta lanarekin eta familiarekin uztartzea ez da batere erraza. Zure burua ere oso ondo zaindu behar duzu, elikadurarekin, esaterako. Azkenean, garrantzitsuena pertsona bera izaten jarraitzea da, eta uste dut ez naizela asko aldatu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!