Iraitz Arrospide 50 kilometroko munduko txapelketan lehiatuko da

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko abuztuaren 28a

Brasoven (Errumania) izango da proba, eta Espainiako selekzioarekin ariko da korrikalari billabonatarra.

Orain arte maratoia izan da Iraitz Arrospidek korrika lehiatutako distantziarik luzeena, baina datorren igandeak erronka berri bat dakarkio billabonatarrari: 50 kilometroko munduko txapelketan aritzeko hautatu zuen Espainiako selekzioak. Brasoven (Errumania) izango du hitzordua, 07:00etatik aurrera, eta Facebook bidez zuzenean jarraitu ahal izango da proba, Brasov 50 KM orrialdetik.

Arrospidek zenbait elkarrizketatan eta sare sozialean azaldu duenez, marka zehatz bat egitera baino gehiago, ahalik eta postu onena lortzera joango da, eta azken asteotan gogor prestatu da horretarako, karga handiko entrenamenduak eginez.

Billabonatarrak iazko udan egin zuen debuta Espainiako selekzioarekin, Berlingo maratoian eta, kasu honetan distantzia luzeagoan ariko bada ere, korrikalariaren datozen hilabeteetarako helburuen artean dira, Valentziako maratoia eta Behobia-Donostia lasterketa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!