Villabonako jaiak 2019

Aitor Regillaga tolosarrak eta Lourdes Colomo zizurkildarrak irabazi dute Villabonako krosa

Tolosaldeko Ataria

Santio jaiak direla eta krosa egin da Villabonan. Aitor Regilladak irabazi du gizonezkoetan, 24:52ko denborarekin eta Lourdes Colomok emakumeen artean, 30:19koarekin.

XXXIX. krosa egin dute, gaur goizean, Villabonan. Guztira, 295 parte hartzaile izan dira. Haurren lasterketaren ondoren lehiatu dira infantilak, kadeteak, jubenilak eta absolutu mailakoak. Hurrenez hurren, 2,5 kilometroko, 5 kilometroko eta 7,5 kilometroko ibilbideak egin behar izan dituzte, Villabonako kaleetan barrena.

Sailkapenari dagokionez, gizonezkoetan Aitor Regillaga tolosarra izan da irabazlea, 24:52ko denbora eginda. Emakumezkoetan, berriz, Lourdes Colomo zizurkildarra sailkatu da lehenengo, 30:19ko denborarekin. Bigarren postua eskuratu dute Aritz Garin villabonarrak eta Irati Larrañaga usurbildarrak, 24:54ko eta 31:39ko denborak eginda, hurrenez hurren. Hirugarren postua Urnietako Asier Martinezentzat eta Usurbilgo Izadi Azkonabietarentzat izan da, 25:32ko eta 31:40ko denboran eginda.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!