Jokin Etxeberria izango da eskualdeko partaide bakarra igandean jokatuko den Euskal Herriko Sega Txapelketan. Bedaion bizi den segalari amasarra da faboritoetako bat, Julen Gabirondorekin batera. Txapelaren lehian ariko diren beste bi segalariak Iban Pardo eta Jon Otegi dira. Asteasuko Bulano baserriko zelaietan izango da norgehiagoka, 12:00etan hasita.
Aurkari zuzenena Julen Gabirondo dela esan du Etxeberriak: «Baditu Euskal Herriko hiru txapela eta azkeneko Gipuzkoakoa aise irabazi zigun. Ez da ahaztu behar Pardo ere, kanporaketan ordu erdiko lan oso ona egin baitzuen, eta Otegi gaztea ere hor dago, agian txapela irabazteko ez, baina bigarren finala du eta ilusioarekin ariko da. Inor ez dago baztertzeko, baina Gabirondo da faboritoa».
Aurreko igandean jokatu zen kanporaketa, eta bertan oso gustura sentitu zela dio Etxeberriak: «Gipuzkoako Txapelketatik goraka egin dugu, eta oso eroso sentitu nintzen kanporaketan. Hasieratik aurretik jarri nintzen, eta aurretik jartze horrek duen abantailarekin, asko gozatu genuen».
Ordu erdiko lana egin zuten kanporaketan, eta igandeko finalean lan bikoitza egin beharko dute segalariek. Amasarrak nahiago du ordubeteko lana: «Ordu erdian herio bat da; gaizki hasten bazara, denbora gutxiago dago, eta ordubetean denbora margen gehiago duzu. Beste erritmo batean zoaz, lasaiago eta konstanteagoa, eta ni ordubetekoaren aldekoa naiz». Esfortzua, noski, ez da nolanahikoa. «Eguraldiak asko eragiten du. Gero, psikologikoki ordubetean erritmo bati eusteak badu bere lana».
Aurtengoari begira prestaketa aldatu egin duela dio amasarrak. «Aurreko urtean Gipuzkoarako oso ondo nengoen, eta txapela irabazi nuen. Gero hilabete batean asko kostatu zitzaidan puntu hori mantentzea eta beheraka egin nuen, eta Euskal Herrikorako pixka bat bajatu egin nintzen. Aurten, hori ikusita, beste era batera planteatu dugu. Gipuzkoakora iristen ginen bezala iristea pentsatu genuen; lan karga handia eginda iritsi ginen, nekatu puntuarekin, eta salbatu genuen bigarren postu bat eginez. Prestaketa Euskal Herrikoari begira egin dugu».
Finalerako gako garrantzitsuena, Etxeberriarentzat, eguraldia izango da: «Niri asko eragiten dit. Gabirondo fisikoki oso ondo dago eta hark ondo aguantatzen du». Horren adibide Gipuzkoako finala izan zela dio amasarrak: «Bero handia egin zuen, eta hor ikusi zen nola aguantatu zuen berak, eta guri nola erasan zigun». Iganderako 19 gradu inguru izango direla aurreikusten da. «Guretzako hori oso ona da».
Segalariek janzten dituzte txapelak, baina beraien inguruan dabilen taldearen lana oso garrantzitsua izaten da. Familiakoak eta lagunak ditu bere taldean Etxeberriak: «Eskertzekoa da egiten duten lana. Jendeak ez dio orokorrean garrantzirik ematen, baina beraiek egiten duten lana izugarria izaten da».