Argiteria publikoaren mantenua eta energia zerbitzuaren kontratazioa bertan behera utzi ditu udalak

Tolosaldeko Ataria 2019ko uzt. 26a, 11:00

EH Bilduren udal gobernuak egindako proposamena onartu du udalbatzak, EAJren kontrako botoekin eta zinegotzi sozialistaren abstentzioarekin; Bide batez, 238.593 euroko kreditu aldaketa egitea onartu du udalak.

Amasa-Villabonako udal gobernu taldeak, interes publikoa kontuan izanda, martxan jarritako argindar zerbitzuaren 10 urteko kontratazioa bertan behera uztea proposatu dio udalbatzari, uztaileko osoko bilkuran. Ander Goikoetxea ingurumen zinegotziak proposamena luzatzeko argudioen berri eman du: "Kontratazio honek udalaren aurrekontua hurrengo 10 urterako hipotekatu edo gutxienez baldintzatu egiten du".

Goikoetxearen esanetan, aurreko udal gobernuak bultzatu zuen kontratazioak, gaur egun udalak egiten duen fakturazioaren antzeko prezioetan zerbitzua azpikontratatzea dakar eta argi indarraren mantenuaren ardura duen udal lanpostua, "guztiz hustu egiten du", beraz EH Bilduren ustez, "udalari ez dio inolako onura ekonomikorik ekarriko".

Kontratu hau lizitatzea interes publikoaren aurkakoa dela argudiatzerako orduan, udal gobernuak dio, diru publikoaren erabilera arrazional eta arduratsuaren printzipioaren kontra doala, besteak beste, "zerbitzu guztien kontratazioa ez baita beharrezkoa efizientzia energetikoan hobetu ahal izateko. Dagoeneko efizienteak diren argien aldaketa, adibidez, pleguan jasota dago".

EAJ kontratua bertan behera uzteko erabakiaren aurka agertu da. Juan Mari Iparragirre zinegotzi jeltzaleak nabarmendu du dagoeneko martxan dagoen lizitazioa bertan behera uzteak aurkeztutako enpresei kalte ordainak ordaintzea ekarri dezakeela. "Udal gobernuak hartuko al du gastu hori bere gain?", galdetu du Iparragirrek. Aldi berean, argiteria publikoaren mantenua eta proiektu baten falta nabarmendu ditu eta irailera arteko epea eskatu dio udal gobernuari egitasmoa berrikusteko.

Aurreko legealdian gaia adosteko aukera izan zuela erantzun dio EH Bilduk Iparragirreri, eta honenbestez, orain kontratazioa bertan behera uztea erabaki du, "argiterian egin beharreko inbertsioak egiten jarraituz, auditorian jasota dagoena modu kritikoan aztertuz, eta udal argindar teknikariaren gomendioak kontuan hartuz". Udal gobernuak hitz eman du, argiteriaren berrikuntzan eman beharreko inbertsioekin jarraituko duela eta efizientzia baxuko argiteria berritu eta kudeaketa sistema modernizatuko dituela.

Kreditu aldaketak

EH Bilduren udal gobernu taldeak, 2019rako EAJk onartutako udal aurrekontuan kreditu aldaketa proposatu du. Guztira, 238.593 euroko murrizketa planteatu du koalizio abertzaleak, jeltzaleek onartu zituzten zenbait diru sailetatik. Murrizketa handiena, 79.000 eurokoa, Txermingo aparkaleku proiektutik egingo du udal gobernuak eta 30.000 euroko partida utziko du bertan, proiektua berrikusi eta behar bada, ingurune osoa birmoldatzeko proiektu berri bat idazteko. 

Aldi berean, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra idazteko gordeak zituen aurreko udal gobernu taldeak 50.000 euro. Diru sail hori hutsean utziko du EH Bilduk, Xabat Laborde zinegotziaren esanetan, udalak plana idazteko inbertsio berezirik ez duelako egin behar: "Horretarako baliabide propioak ditu udalak". Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Ura agentziak Oria ibaian egiten ari diren lanek herriko zenbait lurretan dagoen uholde arriskua txikituko duelakoan dago udal gobernua, "eta horrek Sacem eta Akolodi bezalako eremuen garapen-plangintza aldatu dezake epe motzean".

EAJko udal taldea ez dago ados kreditu aldaketa hauekin guztiekin. Iparragirre zinegotziak esan du, HAPOA berritzearen kontua ezin dela gehiago luzatu. Txermingo aparkalekuan egin beharreko obrak defendatu ditu eta Kale Nagusiko 38. zenbakia egokitzeko 50.000 euroak erdira jaistea ez du begi onez ikusi: "Hainbesteko iskanbila muntatu zenuten etxebizitza horren harira eta orain, 25.000 eurorekin ez da egongo ezer egiterik". Labordek azpimarratu du, eraikineko bizilagunekin bildu direla dagoeneko eta eraikin horrek dituen aukerak aztertzeko baliatuko dituztela partida horretan gordetako 25.000 euroak. "Dauden ezintasunak ikusita, aurten ezingo dira obra horiek egin eta diru hori azterketa egiteko baliatuko dugu".

Bide batez, kreditua jasoko duten gastuen zerrendaren berri eman du EH Bilduk. "Aurreko udal gobernuak egindako prebisio eskasa nabarmendu nahi dugu, gizarte zerbitzuetan etxez etxeko zerbitzua bermatzeko aurreikusitako dirua urte erdirako amaitu egin baita. Gure lehentasuna politika sozialak dira eta kreditu gehikuntza nagusia arlo honetan egin dugu. Aurrez zegoen poltsari 60.000 euro gehitu dizkiogu", esan du Labordek.

Lehentasunen artean sartu du udal gobernu berriak Olaederra kiroldegiko teilatua konpontzea, eta aurretik aurreikusita zeuden 13.500 euroei, 73.000 euro gehitu dizkie. Brigadarako bi ibilgailu berri erosteari (51.500 euro) eta udalaren web gunea berritzeari (10.000 euro) lehentasuna eman die udalak, baita mugikorrentzat aplikazio bat martxan jartzeari ere (9.000 euro).

Amaitzeko, diruzaintzako gerakinetik 65.000 euro ateratzea erabaki du EH Bilduren udal gobernuak. Hauteskunde kanpainan hitz eman bezala, Malkar plazaren azpialdean dauden 60 aparkaleku hutsei erabilpen bat eman nahi die udalak eta aurrez lan batzuk egin behar dira garajeetan. Horretara 50.000 euro bideratuko dituzte eta etorkizunean plaza horiei zein erabilpen eman daitekeen aztertzeko proiekturako, berriz,15.000 euro erabiliko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!