Iritsi dira Santio Txapelketako lehen finalak

Ataria 2019ko uztailaren 24a

Olaederra pilotalekuan jokatuko dituzte lehen bi finalak, gaur; igandean, Bearzanan izango dira.

Villabonako jaien barruan Santio Txapelketako pilota finalak jokatzen dira. Aurtengoan ere iritsi da hitzordua, eta bi egunetan banatuko dituzte finalak. Gaur, 16:00etatik aurrera, Olaederra pilotalekuan bi final jokatuko dira. Lehenik Otaño eta Huitzik jokatuko dute frontenisean buruz buru. Jarraian, Karrera-Nazabalek eta Iguaran-Otegik eskuz binaka txapelketa herrikoiko finala jokatuko dute.

Uztailaren 28an, igandean, 16:30ean hasiko dira azken finalak. Partida hauek Bear Zana pilotalekuan jokatuko dira.

Lehen partidan emakumeak palaz ariko dira. Aurtengo finalistak Etxaniz-Gonzalez izango dira alde batetik, eta Emeren-Irene, bestetik.

Bigarren finala pala gomaz izango da. Otaño-Loitegik Ayerza-Luixaren aurka jokatuko dute.

20 BIKOTE

Azken eta hirugarren partidan eskuz binaka nagusiek jokatuko dute federatu mailan. 20 bikotek parte hartu dute eta finalean Adonis-Arangurenek (Zazpi Iturri-Amezketa) Urbieta-Esnaolaren (Behar Zana) aurka jokatuko dute. Azken txapela hau irabazten dutenek Gabonetako elite torneoko VIII. Antton Pebet Memorialean jokatzeko aukera izango dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!