Ongietorri beroa saharar haurrei

Tolosaldeko Ataria 2019ko uzt. 22a, 15:27

Udako bi hilabete Tolosaldean igarotzera etorri diren haur sahararrei ongietorria egin zieten iragan ostiralean. 9 eta 12 urte bitarteko 29 haur egongo dira familietan nahiz Hernialdeko aterpetxean.

Dantzarekin eman zieten hasiera ongietorri ekitaldiari. Oinargi dantza taldekoek saio polita eskaini zieten Errebote plazara gerturatu zirenei, eta bereziki saharar gazteei. Hala, euren bandera eskuan hartuta, beraiekin dantzatzera ere gonbidatu zituzten.

Dantzaren lekukoa hartu zuen udaletxeko ekitaldiak. Bertan batu ziren Tolosaldeko udaletako ordezkariak, Tolosaldea Sahararekin eta Maiatzak 20 elkarteetako kideak, harrera familiak edota eskualdean bizi diren hainbat saharar. Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak hartu zuen hitza, Oporrak Bakean programaren "garrantzia" azpimarratzeko, eta elkarteen eta harrera familien lana eskertzeko. Aurten 16 gaztetxo egongo dira Tolosaldeko harrera familietan, eta beste 13 Hernialdeko aterpetxean. Harrera familien kudeaketa Tolosaldea Sahararekin elkarteak burutzen du udaletako gizarte zerbitzuekin batera, eta Maiatzak 20 elkartea arduratzen da aterpetxean egongo diren haurren kudeaketa eta zainketaz.

Bestalde, Amasa-Villabonako alkateak saharar herria, "herri zapaldua" dela gogoratu zuen: "Euren lurrak lapurtu zizkieten, erbestera alde egin beharra izan zuten, eta ondorioz, errefuxiatuen kanpalekuetan bizi dira baldintza gogorretan". Hala, "arazo politikoa" dela adierazi zuen Unzuek: "Tolosaldetik argi dugu, sahararren autodeterminazio eskubidea defendatzen dugu, eta errekonozimendua eta babes osoa azaltzen diogu Fronte Polisarioari. Askatasunaren aurrean zuen ondoan egongo gara beti".

Elkartasun lasterketa

Ekitaldia amaituta, eta gaztetxoentzat oparitxoak banatu ostean, udaletxetik kanpo jarraitu zuten ekimenek, Oria ibaian. Izan ere, Oria Merkatari elkarteak antolatuta, elkartasun lasterketa burutu zen bertan. Material biodegradagarriz eginiko Zubimusu eta Erniobea ikastetxeetako ikasleek eraikitako 2.000 txalupatxo jaurti zituzten, zenbaki banarekin. Azken egunetan, eta ostiralean bertan zenbaki horiek salgai jarri zituzten, eta bildutako dirua Hernialden kokatutako aterpetxera bideratuko dute. Bada, 800 zenbaki inguru saldu dituztela aipatu dute antolatzaileek, 1.600 euro lortu dituzte, beraz orotara.

Sacemgo zubitik Zubimusura iristen lehen barkutxoa 952 zenbakiduna izan zen, eta jabeak sagardotegian lau laguntzentzat otordua eskuratu zuen. Sari horrez gain, gehiago ere banatu zituzten zozketa bidez. Merkatari elkarteko kideek ikastetxeen parte hartzea eskertu dute, eta baita, Onddo Gazte Asanbladako kideen laguntza ere, ibaian bertan aritu baitziren txalupak jasotzen. Ekitaldia "polita" geratu zela,  "gustura" daudela, eta hurrengo urtean ere ziurrenik errepikatuko dutela azaldu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!