Villabonako jaiak 2019

Herrian hazi eta hezi

Ataria 2019ko uzt. 24a, 08:00

Fleming herri eskolan eta Erniobea institutuan, hezkuntza errefortzuak eta arreta behar duten umeekin lan egiten duen boluntario taldeak botako du gaur Santioetako txupinazoa

Boluntario taldean parte hartzeko ez da ezer berezirik behar. Euskara jakitea eta borondatea izatea. Ez da gutxi. Ikasleen emaitza akademikoak hobetu eta euskara erakusteko ahaleginean dabiltza Amasa-Villabonako ia 20 lagun, 5 urtetik 14ra bitartezko gaztetxoekin. Euskara ardatz hartuta egiten duten lan inklusibo eta berritzailea aitortu die Santioetako festa batzordeak, eta horregatik Aniztasunean Lagun taldeko kideek izango dute, gaur, jaien hasierako suziria botatzeko ohorea.

Duela zortzi urte telebista saio batean Donostian egiten duten antzeko esperientzia ikusi eta Amasa-Villabonara ekartzea bururatu zitzaion boluntario taldeko kideetako bati. "Han egiten badute, hemen zergatik ez?". Herriko ikastetxeetako guraso elkarteekin harremanetan jarri eta Fleming herri eskolako eta Erniobea institutuko gurasoek agertu zuten interesa. Ordutik boluntario talde bat dabil, haurrei ahalik eta hezkuntzarik onena emateko ahaleginean, euskaraz: "Argi dugu etorkizuneko gizartea eskolatik hasten dela, eta aukera berdintasuna bermatu behar duen eskola publikoan dagoela gakoa".

Bukatu berri den ikasturtean Lehen Hezkuntzako lehen mailatik hirugarren mailara bitarteko 22 ume aritu dira astean behin, ordubetez, eskolan bidaltzen dizkieten etxeko lanak 15 boluntarioren laguntzaz egiten. Bi txandatan banatzen dituzte umeak, ostegun eguerdian Arratzaingo egoitzan eta ostegun arratsaldean kultur etxeko gela batean. Beste 4 boluntariok helduxeagoekin egiten dute lan, DBHn dabiltzan 12 eta 14 urte arteko gaztetxoekin. Asteazken arratsaldetan ikasleek jai izaten duten tartea aprobetxatzen dute haiekin egoteko kultur etxean.

"Ikasturte hasieran ikastetxeak eskaintza egiten dute. Haiek detektatzen dute zein ikasleek duten behar berezia eta deia zabaltzen dute gurasoen artean", esan du Aniztasunean Lagun taldeko kideetako batek. Ume kopurua boluntario taldearen kopurura egokitzen da, zuzeneko arreta bermatzeko: "Gehiago hartuko genituzke. Behar handia dago eta boluntario bezala aritzera animatu nahi ditugu herritarrak, ez da ezer asko behar. Umeei kenketak eta batuketak erakusteko ez da jakintza berezirik eduki behar".

Gainera, ahalik eta arreta pertsonalizatuena eskaini nahi izaten diete umeei, boluntario bakoitzak ume bat edo asko jota bi izaten ditu bere ardurapean. Zuzeneko tratu horri arreta jarri dio taldeko beste kideetako batek: "Normalean eskolan izaten dituzten irakasleak ez dira herrian bizi. Gu, berriz, kalean egoten gara eta herrian erreferentziatzat gauzkate. Ikasle eta boluntarioen artean harreman afektibo berezia sortzen da".

Ikasleek aurrerabide handia

Izan ere, egitasmo honek gizartean dauden "ezberdintasun, aukera falta eta zailtasun" guztiei aurre egin nahi die. "Gurera etortzen direnak ez dira behar bereziak dituzten umeak, besterik gabe, maila akademikoan gabezia batzuk dituzte eta gure laguntzarekin aurrerapausotxo bat eman dezakete eskolan. Etxeko lanak egunean eramateak berak, autoestimua handitzen laguntzen die". Berandu eskolaratu diren umeak, migranteak, euskarazko ingurunerik ez dutenak, laguntza behar eta hori ordaintzeko baliabiderik ez dutenak, sozializatzeko arazoak dituztenak... horiek guztiak dira boluntario taldearen babespean aritzen direnak.

"Gurera etortzen direnak ez dira ikaslerik onenak, baina justu horrexegatik behar dute gure laguntza", azpimarratu du taldekideetako batek. Hala ere, urrats garrantzitsuak eman izan dituzte umeek astean behingo hitzordu hauetara gerturatzen direnez gero. "Guk umeak animatu egiten ditugu, saiatuta gauzak lortu daitezkeela esaten diegu eta gu ere pozten gara haien aurrerabidea ikusita. Ez da lan erraza baina poz handiak ematen dizkigu".

Ikastetxearekin hiru hilez behin programaren ebaluazioa egiten dute boluntarioek eta hango arduradunek hartzen dituzte haurren inguruko erabakiak. "Askotan frustratu egiten gara, umeek kasurik ez digutela egiten iruditzen zaigu, baina egia da, lagungarri zaiela gurekin pasatzen duten ordubetea. Ikastetxea oso eskertuta dago guk egiten dugun lanarekin".

Ikastetxea bakarrik ez, herriak ere eskerrak eman nahi dizkie Aniztasunean Lagun taldeko boluntarioei eta horregatik botako dute jai hasierako suziria Errebote plazatik. "Ahalik eta disimulatuen" pasatzen ahaleginduko direla esan dute taldekideek. "Lauzpabost esaldi botako ditugu, festak aniztasunean, euskaraz eta errespetuz pasa ditzagun, eta hortik aurrera ezer gutxi gehiago".

Umiltasunez, duela zortzi urtetik hona borondatez eskaintzen duten zerbitzuan egiten duten bezala botako dute txupinazoa boluntario taldekoek. Hezkuntza herri oso baten ardura dela erakusten dute, euskara ardatz hartuta, aukeraz beteriko eskola bat eraiki daitekeela uste dute, "aniztasunean gozo, elkarbizitza koloretsua bultzatuz, maitasun dosi handiekin, ikasiz eta irakatsiz". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!