Villabonako jaiak 2019

50 urtez elkarrekin konprometituta

Jon Miranda Labaien 2019ko uzt. 20a, 11:59

Lagun kuadrilla zabala da. Guztiak gizonezkoak eta 65 urteren bueltakoak. Konfiantza handia sumatzen da elkarren artean eta orain elkarri adarra joz, hurrena elkarri besarkada estuak emanez, ilusioz begiratzen diote aurtengo festetarako prestatu duten ekimenari.

«Denok oso diferenteak gara baina elkarrekin oso ondo moldatzen gara; 50 urte pasa eta gero, hori da inportanteena», aipatu du kideetako batek. 1969an «ia modu inprobisatuan» atera zuten konpartsa errepikatuko dute 13 lagunek Santio festen barruan, uztailaren 26an, 11:30ean eliza ataritik aterata. Duela mende erdi bezala, mozorrotuta aterako dira ezkontza bat parodiatuz, norberak orduan jokatu zuen papera betez.

«Martxoan elkartu ginen lehenengo aldiz zer egin erabakitzeko eta pentsatu genuen ahalik eta modu fidelenean errepikatuko genuela duela 50 urte egindakoa». Ez zaie erraza egin kide guztiak konbentzitzea, badirelako tartean gaur egun Villabonan bizi ez direnak.



Juan Goñi, Joxe Mari Eizmendi, Javier Aranzabe, Joxe Joakin Ayestaran, Ramon Rezola, Juanjo Zumeaga, Mikel Uzkudun, Anton Sanz, Koldo Agirrebengoa, Angel Sanz, Antonio Abaigar, Emilio Salaberria eta Kotte Esnaola atera ziren konpartsan duela 50 urte, eta 25 urte geroago, apaizaren paperean Fernando Garmendia eta aguazilarenean Joxe Arin batu zitzaizkien. Zoritxarrez ezingo dute guztiek egon uztailaren 26ko konpartsan, duela bost urte hil baitzen Esnaola, eta Salaberria, berriz, gaur egun preso daukatelako Kantabrian (Espainia). «Oraindik ere ia denok gaudela ikusita aprobetxatu dugu konpartsa ateratzeko. Susmoa dugu hemendik 25 urtera ez garela hemen egongo», esan du umorez kideetako batek. Villabonako Santioetako festa batzordean proposatu eta jai egitarauan sartu dute «ezkontza» irudikatzen duen konpartsa. Amasa-Villabonako Udalak lagunduko du ekimena eta jai egitarauan Gazteen Egunean izango diren ekitaldiekin batera gauzatuko da.

Ezkonduen egunetik, Ezkontza konpartsara

Villabonako jaien barruan, Santa Ana eguna, egun garrantzitsu bezala gogoratzen dute konpartsako kideek: «Ezkonduen eguna izaten zen uztailaren 26a. Kanpora ezkondutako bikoteak ere etortzen ziren herrira eta plazan bildu ondoren txarangarekin ibiltzen ziren kalez kale. Sokamuturra ere izaten zen eta jai egun handia izaten zen herrian». Erdi txantxetan, jai egitarautik kanpo eta desafio puntu batekin, ezkonduen egunean, ezkontza bat parodiatzea okurritu zitzaien herriko 13 gazteri, artean ezkongabeak ziren 15 eta 18 urte artekoak kuadrillari.



Kontxita Uranga herritarrari piztu zitzaion ideia, bere seme, Joxe Joakin Ayestaranek gogoratzen duen bezala: «Nire ama andoaindarra zen jaiotzez, baina Hernanin bizi izan zen eta hango festetan ere antzeko konpartsa bat ateratzen hasi ziren, Villabonan baino hamar bat urte lehenago». Urangak berak eta Joxepi Arregik prestatu zuten beharrezko azpiegitura 1969an, jantziak prestatu eta Emilio Salaberriaren soinuarekin kalez kale ibili ziren uztailaren 26an. Hala ere, ez ziren ausartu apaiza edo aguazilaren papera egitera. «Kontuan hartu behar da zein testuinguru bizi genuen duela 50 urte. Dena zegoen galarazita eta elizak pisu handia zuen. Guk atera genuen konpartsa honek bazuen osagai ezkonformista bat, besteak beste, ezkongaiek ume bat ere bazutelako, karroan generamana», esan du Joxe Mari Eizmendik.

1969a zen, luze zihoan diktadura frankista eta Amasa-Villabonako gizartean ere sumatzen zen aldaketarako gogoa. «Izugarrizko harrera egin ziguten kalean. Egitarautik kanpo, ia sekretuan atera ginen eta txalo artean jaso gintuen jendeak. Tabernetan tragoetara gonbidatzen gintuzten eta etxafuegoak bota zituzten jendea gu ikustera joan zedin. Itxura denez, garai haietan ere, udal agintarien artean bazegoen norbait askatasun eta aire freskoaren bila zebilena, eta behin uztailaren 26koa bukatuta, ekitaldia errepikatzeko eskatu ziguten, ikusi ez zutenek gozatu zezaten». Handik lau egunetara, uztailaren 30ean, San Inazio egunaren bezperan atera ziren berriz kalera, iluntze partean. «Bandoa atera zuten gure konpartsa iragarriz eta jendetza bildu zen plazan. Gainera, udal agintariek afaltzera gonbidatu gintuzten», gogoratu du beste konpartsakide batek. Zaindutako arropa eta osagaiak jo dituzte arrakastaren giltzarritzat, baina baita ere, prestakuntzan egindako ahalegina. «Gazteak ginen eta berezkoa genuen bat-batekotasuna eta grina. Gainera, erregimenak adierazpen askatasunari ezarritako murrizpenak hausteko beharra zuen gizarteak, eta askatasuna adierazteko gogoa», nabarmendu du Eizmendik.



Ezkongaiak, haien seme txikia karroan, haurraren zaintzailea, aitabitxi eta amabitxia, soinu jotzailea, argazkilaria, Ameriketatik etorritako senidea, marinela, gonbidatuak... Segizio polita osatu zuten gazte haiek, goiko argazkietan ikusi daitekeen bezala.

Mende laurdena eta berriro kalera

1969ko abentura hark aztarna sendo bat utzi zuen lagunarte hartan, baina baita herrian ere. Ondorengo urteetan beste gisa bateko konpartsak atera izan dira Santio festen barruan, arrakasta handia izan dutenak, «eta tartean polemika eragin dutenak», konpartsakideek aipatu dutenez. Hala ere, 1994an, eta ezkontza irudikatuz atera zireneko 25. urteurrenean konpartsa berriz ateratzea erabaki zuten, aguazila eta apaiza gehituta. 15 kide izan ziren guztira eta jai egitarauaren barruan txertatu zuten Santa Ana egunean egindako ekitaldia.

Duela 25 urte ateratako jantziak erabiliko ditu, adibidez, Mikel Uzkudunek, andregaiaren papera egingo duen kideak eta Antonio Abaigarri, berriz, ume-kotxe berria prestatu diote barruan eroso joan dadin. 1969an eta 1994an bezala, Ayestaran biltegian bilduko dira konpartsako kideak mozorrotu eta guztia prestatzeko. Handik eliza atarira joko dute 11:30ean: «Loreekin apainduko dugu propio eta alfonbra gorria ere jarriko dugu eskaileretan». Trikiti eta pandero jotzaileekin batera ibiliko dira gero kalejiran eta herritarrei bat egiteko deia luzatu diete: «Parte hartzera gonbidatzen ditugu, bereziki kuadrillak. Janzkera aldetik, gizonezkoak galtza luzeak eta txaketarekin azaltzea gomendatzen dugu eta emakumeak, berriz, kapelarekin».

Bazkaria Ama Lurra plazan egingo dute eta bertara joan nahi duten pertsonek bihar arteko epea dute izena emateko. Kutxabankeko 2095 5072 6091 1866 3363 kontu korrontean heldu bakoitzeko 30 euro eta 12 urtetik beherako haur bakoitzeko 11 euro ordaindu beharko dira, pertsonaren edo kuadrillaren izena zehaztuta.

Hil berria den Joxe Mari Gorrotxategi gozogileak prestatu zuen ezkontzako tarta 1994an. Aurten, haren seme Rafa Gorrotxategik prestatuko du bost solairuz osatutakoa, protokoloak agindu bezala ezkongaiek gonbidatu guztien aurrean moztuko dutena. Bazkalosteko giroa Pasai txarangak jarriko du, 16:00etatik 21:00etara eta herriko kaleak zeharkatuko dituzte Santio festen hirugarren egunean.

Petit Paris

Erretiratuta daude konpartsan aterako diren kideak, eta beraz, egunotan buru-belarri murgilduta dabiltza prestaketa lanetan. Bilera asko egin dituzte eta dena ondo aterako denaren esperantza dute. Ezkontza iragartzeko kartel bat jarri dute Gurea zinema aretoko albo batean, 9x5 metro dituena eta Anton Sanzek prestatu duena: «Ezkongaiak agertzen dira bertan eta atzean Eiffel dorrea ikusi daiteke, Le Petit Paris leloarekin». Angel Sanz anaiak eman ditu azalpenak: «Villabonan garai batean pilotari asko zegoen, batez ere zesta puntan ibiltzen zirenak; Ameriketara joan eta han dirua egin ondoren itzultzen ziren herrira. Musika Banda joaten zitzaien tren geltokira ongi etorria egitera eta egiazko idoloak bezala hartzen zituzten. Kategoria handia ematen zioten herriari eta pilotari horiek ere jantzi dotoreak ekartzen zituzten, Parisko moda imitatuz. Hortik dator Le Petit Paris leloa».

Ponpa handiko festak dira Villabonakoak, zortzi egunetan luzatzen direnak, eta aurten, data garrantzitsua izango da uztailaren 26a, besteak beste, ezkontza bat parodiatuz, 65 urteren jiran dabiltzan gizonkoteak ariko direlako jai giroa jarriz, konpartsan desfilatuz. Ezer ez eta festa. Berez behar Villabonakoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!