Podiumetik jaitsi gabe jarraitzen du Erika Amundarain billabonatarrak

Imanol Garcia Landa 2019ko uzt. 16a, 19:58
Erika Amundarain, ezkerrean, podiumean.

Beste asteburu bat, beste proba bat, eta beste podium bat. Erika Amundarain billabonatarrak bigarren egin du Bilbo eta Santurtzi arteko La Sardina itsas zeharkaldian.

«Ikusten nuen aukerak izan nitzakeela aurrean egoteko, baina ez nuen espero bigarren egitea, ezagutzen ez nituen emakumezko asko zeuden», esan du Amundarainek. Lehen emakumezkoa Andrea De la Hera izan zen, 2.11.27 eginez eta sailkapen orokorrean bigarren amaituz, eta Amundarainek 2.24.52ko denbora egin zuen. Hirugarrena Karmen Pinadero izan zen 2.30.29ko denborarekin.

Lasterketa ez zen nahi bezala joan, Amundarainek azaldu duenez: «Gorputzari sekulako jipoia ematen ari gara, eta probaren aurreko gauean hankako giharrean gainkarga izan nuen, eta zeharkaldira joan nintzen giharra kargatuta nuela eta motibaziorik gabe». Proba «azkarregi» hasi zuela dio igerilariak, «nire egoera ikusita». Gero makalaldia izan zuela gaineratu du: «Hankako giharrarekin oso gaizki pasa nuen, eta gainkargarik ez izateko ez nituen hankak eragiten eta aldi berean besoak gehiegi kargatzen ari zitzaizkidan. Une batean proba bertan behera uztea ere pentsatu nuen. Baina azkenean pentsatu nuen aurrera joango nintzela, eta bukatu egin nuen, baina une horretan ez nintzen ari podiumean pentsatzen, ez nuen uste aukerarik izango nuenik, eta bukatzearekin nahikoa iruditzen zitzaidan».

Uretatik ateratzean esan zioten bigarrena zela, eta «sekulako ezustekoa» hartu zuela esan du. «Pozik nago egindako postuarengatik, nahiko ona iruditzen zaidalako. Aldi berean, pentsatzen ari naiz ondo egon izan banintz zer egin ahal izango nuen», esan du billabonatarrak. 97 parte hartzaile izan ziren orokorrean zeharkaldian eta Amundarain hamabigarren izan zen.

Gizonezkoetan Ioseba Mateos ibartarrak seigarren amaitu zuen, 2.21.42ko denbora eginez, eta Xabier Jauregi tolosarrak 31. postuan bukatu zuen, 2.36.52ko denborarekin.

GETARIA-ZARAUTZ, IGANDEAN

Asteburu honetan itsas zeharkaldietako proba jendetsuena egingo da. Igandean jokatuko da Getaria-Zarautz proba, 2.850 metrotakoa, eta bertan hiru mila igerilari inguru atera ohi dira. «Alderaketa bat egiteko, lasterketetan Behobia-Donostiak duen garrantzia du», esan du Amundarainek. Tolosaldetik jende ugarik parte hartuko du eta Amundarain ere bertan izango da.

Taldeka aterako dira igerilariak, denboraren arabera. Amundarain eta Mateos lehen taldean aterako dira, eta lehen postuetan sartzeko aukera handirik ez dutela dio billabonatarrak, parte hartzaileek izan ohi duten mailagatik. Larunbatean Zarutz-Getaria-Zarautz proba egingo da, Espainiako Koparen barruan sartuta dagoena. Bertan Mateosek parte hartuko du. Amundarain izena emanda dago, baina gorputzaren egoera zein den ikusiko du parte hartuko duen erabakitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!