«Gure entsegu lokala da gure habia»

Jon Miranda Labaien 2019ko uzt. 6a, 08:59

Txikitatik ezagutzen dute elkar Jon Ander Artolak (Amasa-Villabona, 1993) eta Yerai Gasconek (Amasa-Villabona, 1993), eta azken urteotan eta elkarren artean ondu den harremanaren emaitza da Habi. Garai bateko Sacem lantegiaren atarian dagoen lokala izan dute lanerako habia eta hilabeteotan lau pareten artean gertatu zaienaren emaitza da zortzi kantuz osatutako diskoa.

Habi musika proiektua sortu duzue. Hitz gutxitan nola aurkeztuko zenukete taldea?

Jon Ander Artola: Bi pertsonek osatzen dugun taldea da. 2018 urte hasieran sortu genuen. Hasiera batean entsegu lokalean elkartu eta batere pretentsio gabe musika jotzen hasi ginen. Konposatzen hasi, kanta batzuk gureak egin... Pixkanaka ikusi genuen funtzionatzen zuela. Bion artean bazegoela feeling bat. Gaur da eguna zortzi kantu osatu dituguna. Oso pozik gaude taldeak izan duen bilakaerarekin eta azkeneko emaitzarekin.

Orain arte zein ibilbide egin duzue musika munduan?

Yerai Gascon: Eduki ditut proiektuak baina ez naiz inoiz oholtza batera igo, ez dut proiekturik aurkeztu. Nire buruarentzat idatzi eta jo izan dut. Niretzako proba moduko bat izango da jendearen aurrean jotzea, nire musika aurkeztuko dudan lehen aldia izango baita.

J.A.A.: Txikitan solfeoa ikasi nuen, ondoren harmonia eta zortzi urtez tronpeta jotzen ibili nintzen, baina gero, bateriara aldatu nintzen. Jostion taldean ibilitakoa naiz. 2011n sortu zen eta urtebeteko ibilbidean kontzertu dezente emateko aukera izan genuen. Ordutik etxean jarraitu izan dut, ikasten eta musika asko entzuten. Niretzat ere Habi hasiera berri bat da.

Y.G.: Nik txikitatik asko entzun izan dut gitarra etxean, aitak jotzen zuelako. Baina denetarik gustatzen zait: bateria, ukelelea, harmonika, yembea, biolina, pianoa ere bai. Berez, musika egitea da gehien atsegin dudana, baina egia da beti izan dudala gitarra bat esku artean.



Eta kantatzearena, Yerai?

Y.G.: Kantatzearena izan da bakarrik egotearen ondorio bat. Gitarra oso ondo dago, baina etxean bakarrik jotzeak agian ez du gehiegi betetzen. Horregatik hasi nintzen kantatzen. Kantuak idazten hasi nintzen, baina beti ere niretzako, inori ezer erakutsi gabe. Jon Anderren aurrean kantatu izan dut lehen aldiz nire abesti bat. Niretzako kanporatze hori esperientzia berria izan da.

Zein musika estilotan sailkatuko zenukete zuena?

J.A.A.: Ez da erraza sailkatzea. Gure estiloa gehienbat rocka da. Saiatu gara intentsitateekin jokatzen, badaude kantu batzuk oso pisutsuak direnak, rock gogorra bezala ulertu daitezkeenak. Baina gero badaude beste kantu batzuk trantze moduko batean sartzen zaituztenak, lasaiagoak direnak.

Y.G.: Nik uste dut oso zintzoak izan garela gure buruarekin. Kantu guztiak konposatu ditugu lokalean eta zerikusi handia izan duela zein aldarterekin gerturatu garen entseguetara. Lokalera oso pozik, indar handiarekin joaten bazara, kantu gogor bat egingo duzu, baina goibel bazaude, bestelakoa aterako zaizu. Gure burua errespetatu dugu eta uste dut oso txukun geratu zaizkigula aldaketa horiek.

Rock formazio klasikoaren ondoan laburragoa da zuena, ez baituzue baxurik taldean. Ez duzue beharrik sumatu?

J.A.A.: Egia esan hasi ginenean ez genion gure buruari planteatu ere egin baxurik sartzea. Oso pozik gaude atera dugun soinuarekin. Baxu batek emango lioke indarra gure musikari eta bere lekua izan dezake taldean, baina gu bion artean dagoen harremanarekin oso gustura gaude eta ez dugu taldera beste instrumentu bat batzeko beharrik sentitzen.

Zeintzuk dira zuen eragin musikalak? Zer entzuten duzue?

Y.G.: Eraginak asko dira, musika asko entzuten baitut, nire kasuan, gehienbat rocka. Musika elektronikoa ere gustatzen zait, denetarik entzuten dut, reggaeton edo trap-a kenduta. Nagusiki, talde formatuko musika da entzuten dudana. Esate baterako, orain berriz deskubritu dut Biffy Clyron. Saim taldea entzuten nabil, baita ere, azkenaldian.

J.A.A.: Egia esan elkarri gomendatzen dizkiogu diskoak. Lokalean elkarrekin ordu asko pasatzen ditugu eta musika gustatzen zaigunez elkarrekin komentatzen ditugu kantuak. Gustuko dugu musikaz elkarrekin hitz egitea.

Nolakoa da kantuak sortzeko prozesua Habi taldean?

Y.G.: Nik lantokian gitarratxo bat dut eta ahal dudanetan bertan idazten ditut kantuak. Nik ideia nagusi batzuk egiten ditut eta lokalera etorri eta Jon Anderrekin batera lantzen ditut; bateratze prozesu bat edo kantu baten inguruan sinergia bat sortzen da eta horrela borobiltzen da. Horregatik, Habi izena, lokalean sortu direlako kantuak. Askotan ekarri dut ideia bat oso poperoa edo oso alaia eta hona iristerakoan, hemen elkarrekin jotzerakoan, kantuak beste gauza bat eskatu digu, aldatu egin dira.

Horrek esan nahi du, zuk Jon Ander, puntu ilunago bat jarri diezula kantuei?

J.A.A.: Ez dakit [barrez]. Yeraik baietz esaten dit. Niri asko gustatzen zait berak nola idazten dituen kantuak eta nola kantatzen duen, baina gero lokalean saiatu naiz nire ekarpena egiten. Bion arteko lana izan da kantuak aurrera ateratzearena.

Asko aldatu al dira kantuak hasierako ideia horretatik gero diskoan jaso duzuenera?

Y.G.: Ez bereziki, izatekotan, gehienbat erregistroan. Nik, igual oso altu abestu eta ilunago abesteko gomendioa eman dit Jon Anderrek. Hitz batzuk, aurretik sortuta nituen eta berreskuratu egin ditut, baina badira, entsegu lokalean ondu direnak ere.



Hitz guztiak euskaraz dira.

J.A.A.: Bai. Ez da erabaki bat izan, horrela atera zaigu eta horrela egin dugu. Gure hizkuntza euskara da eta erosoen horrela aritzen gara.

Zer kontatu nahi duzue kantu hauekin?

Y.G.: Orain denak irakurrita, oso letra ilunak direla konturatzen naiz. Oso goibelak dira eta ez dago alaia den ezer, harreman txar baten edo erabaki politiko baten inguruko letrak dira. Oso barnerakoiak. Hitzetan metaforak egitea gustatzen zaigu, ez gara oso esplizituak eta irekia uzten dugu bakoitzak nahi duena irakurri dezan.

J.A.A.: Zortzi kantuetako zazpi Yeraik idatzitakoak dira. Behin dena definituta genuela nik beharra sentitu nuen kantu bat sortzeko; nire amona hil berria da eta barrutik sortu zitzaidan berari omenalditxo bat egitekoa, modu honetara. Letra pertsonala da, barrutik ateratakoa.

'Loratu' da kantu hori, diskoari izenburua emateko aukeratu duzuena.

J.A.A.: Bai. Amona zenak oso maite zituen loreak. Diskoaren azalean ageri dira eta talde berri bat loratu delako ere aukeratu genuen izen hori.

Diseinu munduan ibiltzen zarete biak, baina hala ere, azala Sandra Garaioak egin dizue. Zergatik?

Y.G.: Egia da. Egin ahal genuen gure diskoaren diseinu guztia, baina interesgarria iruditu zitzaigun kanpoko pertsona batek zer ikusten zuen azal horretan islatzea. Norberak bere burua zintzotasunez definitzea zaila da. Sandra Garaioa ilustratzailea da eta lana eskatu genionean bi baldintza jarri genizkion: nire ikur den beleak agertu behar zuela eta Jon Anderren loreek ere presentzia behar zutela. Eta irudiak argitasun puntu bat izan zezan ere eskatu genion, kolore pixka bat. Batez ere kantuak ilunak direlako, baina ez zentzu txarrean, bizitzan pasatzen diren gauzak direlako baizik, malenkoniaz bizi behar direlako; badago esperantza oraindik. Horregatik ateratzen dira loreak beletik. Kontraste bat badago musika eta azalaren artean, baina nahita bilatutako gauza da.

Eta zertara dator taldeari jarri diozuen izena?

Y.G.: Gure entsegu lokala da gure habia. Ez balitz toki honengatik, ez litzateke taldea existituko. Diskoari izenburua ematen dion kantuan esaten dugu, 'hemen gezurrak besterik ez daude'; Badirudi lokal bat eta gitarra bat daukazulako talde bat egin dezakezula eta ez da egia. Hona iristen zara eta oso bakarrik zaude, zure musikaren kontra borrokatu behar duzu zerbait atera dadin. Hona astean bitan edo hirutan etorri eta lan handia egin beharra dago, zure eguneroko zereginetatik aparte. Norberaren pasioa lantzeko deia ere bada gure proiektuaren muina.

Diskoa Elkar estudioetan grabatu duzue. Asko kostatu zaizue zuen habia honetan sortutakoa diskora eramatea?

Y.G.: Ez. Egia da izugarrizko laguntza izan dugula horretarako. Victor Sanchez izan da soinu ingeniaria. Aurrez ezagutzen nuen eta taldeari buruz hitz egin eta maketa bat erakutsi nion. Kantuak asko gustatu zitzaizkion eta berehala galdetu zigun, 'noiz grabatuko dugu hau?'. Entsegu lokalera gerturatu zen, zein soinu dugun entzun zuen eta elkarrekin nola jotzen dugun ikusi zuen, bertatik bertara. Grabazioa ere horrela planteatu zuen: biok elkarrekin grabatzea, klaketarik gabe, metronomo eta ezer gabe, guk intentsitateak neurtuta. Lokaleko soinu hori diskora eramatea zen helburua eta nik uste lortu dugula. Bi egunetan grabatu genuen. Dibertigarria izan da, oso polita eta sekulako esperientzia.

J.A.A.: Nik uste amets bat bete dugula, disko bat grabatzearena alegia. Eta, gainera, Elkar estudioetan. Oso musikari onak pasa dira bertatik, gure erreferente ere izan direnak. Prozesu aberasgarria izan da eta asko ikasi dugu.



Zuek auto ekoitzi duzue diskoa. Zergatik erabaki hori?

J.A.A.: Hautu kontziente bat izan da. Guk egin dugu guztia eta prozesuan asko ikasi dugu. Aurrez ez genion inoiz galdetu gure buruari nola igotzen diren kantuak Spotify plataformara, adibidez. Ikasi egiten dira horrelako gauzak. Gauza hauek guztiak bereziki zaintzea erabaki dugu. Interneten egotea garrantzitsua da gaur egun, egiten duguna konpartitzeko modu bat baita; garrantzitsua da jendearengana iristeko eta handik bueltan jendearen inpresio eta iritziak jasotzeko.

'Loratu' diskoa ekainaren hasieran eman zenuten argitara. Orain arte, zein inpresio jaso duzue zuen inguruan?

Y.G.: Oso iritzi onak jaso ditugu. Iritzi gehienak lagunenak dira eta hortaz ez dizute esango gustatzen ez zaienik. Hala ere, saiatu gara feed-back hori jasotzen eta galdetu diegu benetako inpresioaz. Hedabide askok zabaldu digute lana eta Badakit kantua egunero irratietan dago. Sekulako babesa jaso dugu, izugarria izan da, espero genuena baina harrera hobea izan dugu.

Non eskuratu ahal izango da diskoa?

J.A.A.: Lortzeko aukera izango da Villabonako hainbat tabernetan eta herriko saltokietan ere jarriko dugu salgai. Beste herri batzuetara ere eramango dugu eta sare sozialen bitartez emango dugu horren berri. Web gunetik erosteko aukera ere izango da, online dendaren bitartez, www.habi.eus helbidean. Hainbat plataformetan entzungai daude kantuak, baita ere.

Diskotik zuzenekotara salto egingo duzue orain. Asko aldatuko al da zuen soinua?

Y.G.: Lokalean jokatzen dugunean eta jendea gerturatu izan zaigunean ikustera, konturatu gara zuzenekoetan askoz gogorragoak garela. Orain jende aurrean jotzea tokatzen zaigu eta esperientziarik ez dugu horretan. OlatuKoop-ek urtemugako festan jo genuen lehen aldiz eta oso esperientzia ona izan zen.

J.A.A.: Nik uste dut hemendik aurrera ere asko disfrutatuko dugula. Gu garen bezalakoak izango gara oholtza gainean eta hor ikusiko da zer garen eta zer transmititzen dugun. Bi izan arren, beteko dugu agertokia. Jotzeko irrikaz gaude.

 

HITZAK

«Kantu hau oso berezia da, lehenengo sortu genuena delako eta gerora etorri zirenak markatu zituelako, estilo eta erritmo aldetik. Kantu borobila iruditzen zaigu», dio Artolak.

BADAKIT

«Single bezala erabili izan dugun kantua da eta horrek definitzen du taldea. Badaude zatiak bateria bakarrik aritzen dena, beste zatiak non gitarra bakarrik aritzen den. Biok zer egiten dugun erakusteko espazioa eskaintzen digu eta gero bateratu egiten da dena distortsio pila batekin. Tema printzipal bezala oso ondo atera zaigu», aipatu du Gasconek.

BELEA

«Kantu hau da grabatzerako garaian gehien kostatu zitzaiguna, eta era berean diskoa entzun eta gaur egun gehien gustatzen zaiguna», gogoetatu du Artolak. Yeraik idatzitakoa da duela bederatzi urte, ingelesez: «Garai horretan asko entzuten nuen Incubus taldearen A Crow Left Of The Murder diskoa eta Songs:Oiharen Lioness kantua. Belea aipatzen zen kantu horietan. Nik animalia bakarti bezala irudikatzen nuen, bere kabuz bizitza aurrera atera behar zuena eta oso identifikatuta sentitu nintzen. Saiatu nintzen bele baten itxura duen pertsona batek beste bati eragin diezazkiokeen gaitzen inguruan hitz egiten». Euskaratzerakoan kantuak «irabazi» egin duela uste du Gasconek.

AZERI

«Kantu hau, nahikoa kantu alaia zen hasiera batean Yeraik lokalera ekarri zuenean», gogoratu du Artolak. Ordutik buelta gehiena eman dioten kantua izan dela uste du: «Oso monotonoa da: gitarrako melodiak beti berdinak dira, bateria beti berdin jotzen dugu... Baina hor intentsitateekin jolas egitea lortu dugu, jendeak hitzetan erreparatu dezan. Oso letra gogorra du kantuak».

ARNASA

«Beste talde batentzako idatzi nuen», aipatu du Gasconek. «Beste erritmo bat zeukan kantuak, baina letra asko gustatzen zitzaidan. Pertsona jakin bati egindako omenaldia da. Berregin egin genuen, gure ukitua eman genion eta oso txukun geratu da». Azeriren ondoren dator, «igo egiten da, erritmo azkar batean, distortsio pixka batekin eta oihuekin bukatzen dugu».

HABI

Taldeari izena ematen dion kantua da. Artolaren esanetan, «abesti honek kontatzen du guk lokalean bizi izan dugun prozesua. Oso kantu lasaia da, baina gitarrak instrumentalki melodia bereziak dauzka eta bateria sartzerako garaian puntualki nahita egindako erritmoak sartu ditugu. Lokal honetan bizi duguna kontatzen dugu, farolak daudela, lagunak etorri zaizkigula ikustera...».

BAKARRIK

«Kantu hau beste kantuetatik apartekoa da, gainerakoetan lerro bat jarraitzen da eta honetan intentsitate oso ezberdinak daude», esan du Gasconek. «Pop-rocketik gertuen dagoen kantua da. Oso berekoia den pertsona batek bizitzarekin duen harremana kontatzen du kantuak eta oso hitz gogorrak dira. Kantu honetan erritmoak gora egiten du».

LORATU

«Nire amona zenari eskainitako kantua da, nire beste ama bat balitz bezala sentitu izan dut», aitortu du Artolak. «Bere ondoan momentu onak eta txarrak pasa ditut. Bere pasioa loreen artean egotea zen. Kantuak bere bizitza kontatzen du, gaur egun dugun familia handi horri zenbat erakutsi dion eta zein bide egin duen erakusten du. Barru-barrutik egindako omenaldia da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!