Datozen lau urteetarako lanak zehaztu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2019ko uzt. 2a, 11:59

Amasa-Villabonako Udalak agintaldiko lehenengo osoko bilkura egin du: alkatearen soldata %28 jaistea erabaki dute.

Pasa den astean Villabonako udaletxean egindako osoko bilkuran, udaleko funtzionamenduari eta udal organoen eraketari buruzko hainbat gai eztabaidatu eta erabaki ziren.

Besteak beste, ordezkari politikoen liberazioen eta ordainsarien inguruan erabakiak hartu ziren: Beatriz Unzue alkateak urtean 37.900 euro gordin jasoko ditu; aurreko agintalditik %28 jaitsiko zaio soldata. Xabat Laborde ere, alkateorde izendatu dutena, erabateko dedikazioz ariko da udalean, eta urtean 31.911 euro gordineko soldata izango du. «Kopuru hori, EAJk aurreko legealdian alkatearen idazkari lana egiteko aukeratu zuen konfiantzazko pertsonak zuen soldataren berbera da», azaldu zuten. Udal gobernu berriak postu hori ezabatzea erabaki du, eta horren ordez Laborde liberatzea, soldata berberarekin.

Oposizioko liberatua, Maite Izagirre, %60,5eko lanaldian arituko da eta urtean 17.375,54 euro gordineko soldata izango du.

Bestalde, talde politikoei hilean 226 euro bideratuko zaizkie, eta 71 euro gehiago jasoko dituzte zinegotzi bakoitzeko. Hor ere %28ko jaitsiera izan dute zenbatekoek eta jaitsiera bera onartu dute udaleko organoetan parte hartzeagatik jasoko dituzten ordainsarietan.

Puntu horretan desadostasuna agertu zuten oposizioko kideek: neurri «elitista eta frankista» gisa definitu zuen Maria Luisa Arija PSE-EEko zinegotziak ordezkari politikoen ordainsarien jaitsiera, eta gaineratu zuen udalera joateagatik horrelako kopuru txikiak jasota, pobreak diren pertsonek ezingo dutela zinegotzi izan. Patxi Agirre EAJko zinegotziak esan zuen «zinegotziek beren duintasuna behar dutela». Horren aurrean, udal gobernuak jarrera hori kritikatu zuen: «Badirudi diruagatik etortzen zaretela udaleko bilkuretara».

Oposizioa abstenitu arren, EH Bilduren aldeko zazpi botoekin onartuta geratu zen proposamena.

BATZORDE INFORMATZAILEAK

Udal gobernu berriak zazpi batzorde informatzaile eratu ditu datorren agintaldian lan egiteko. Beatriz Unzue alkatea honako hiru batzordeetako burua izango da: Ogasuna, garapen ekonomikoa, enplegua eta merkataritza; Pertsonala eta barne araubidea eta Herritarren parte hartze batzorde berezia.

Xabat Labordek Hirigintza, zerbitzuak eta ingurumena eta Memoria eta elkarbizitza batzorde berezia kudeatuko ditu. Euskara, kultura, hezkuntza, gazteria eta kirola eramango duena Gorka Kamio izango da; eta Gizarte politika, aniztasuna, adineko pertsonak eta politika feministen ardura Arantxa Lopezek izango du.

Lan banaketa horrek, zazpi aldeko boto jaso zituen EH Bilduren eskutik, eta oposizioko sei kideak abstenitu arren, proposamena onartuta geratu zen.

Azkenik, aipatu ohiko osoko bilkurak hilabeteko azken astearteetan egingo dituztela, 19:30ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!