Askotariko jatorria duten emakumeen lehen topagunea

Amasa-Villabonako Lurgatz talde feministak urtea bete du, eta elkar ezagutzan sakontzeko topaketa egingo dute, Errebote plazan, larunbatean, egun osoz.

Duela urtebete sortu zen Lurgatz talde feminista, eta herriko emakumeek elkar gehiago ezagutu dezaten antolatu dute, Villabonako Emakumeen Lehenengo Topaketa. Askotariko emakumeek osatzen dute herriko mugimendu feminista, baina orain arte zailtasunak izan dituzte jatorri ezberdinetako emakume billabonatarrak taldera biltzeko. «Villabonan jatorri eta kultura ezberdinetako emakume asko gaude, eta potentzialtasun hori jarri nahi dugu erdigunean», esan du Nahikari Iturbe Lurgatzeko kideak.

Ez da orain arte horrelako topaketarik egin. «Eskola atarietan egiten dugu emakumeok topo, baina, hor sor daitezkeen harremanetatik aparte, ez dugu sakontzea lortu». Bat egiteko aukera izan dutenetan, ordea, emakumeek parte hartze handia izan dute. Fleming Herri Eskolak, aurten bigarrenez, Kolore Guztiak elkartearekin antolatu duen aniztasunaren eta elkarbizitzaren bigarren festan, adibidez, elkarlanean aritu dira, eta orduan sortu zitzaien, Lurgatzeko kideei lehenengo topaketa antolatzeko gogoa, «emakumeen arteko elkar ezagutza, elkarlana eta aniztasun balioak bultzatzeko».

ESPAZIOAK KONPARTITZEKO

Orain arte lanketa horretan ezin izan dute nahi bezainbeste sakondu, talde feministarentzat lokal baten beharra plazaratzen jarri dituztelako indarrak. Lurgi Zalakain Lurgatzeko kidearen esanetan, emozionalki gogorra izan da borroka hori, baina, epe ertainera, egoera aldatuko dutenaren esperantza du: «Villabonako emakumeok elkar ezagutzeko eragozpenak ditugula esaten dugu, besteak beste, elkartzeko leku fisiko bat ez dugulako. Txoko bat behar dugu gure proposamenak aurrera eramateko, elkartzeko, guretzako espazio goxo bat edukitzeko eta babestuta sentitzeko. Ezinbestekoa iruditzen zaigu, emakumeok zein egoera bizi dugun ikusita».

Hilabete hauetan, lokal baten faltan, Errebote plaza sinbolikoki okupatu izan dute emakumeek, batzarrak egiteko. Larunbateko topaketa ere bertan egin asmo dute, «emakumeok erdigunean egon nahi dugula aldarrikatzeko». Plazan 11:30etik aurrera ekingo diote topaketari eta, eguerdira bitartean, tailerrak izango dira. Besteak beste, zapien hainbat erabilera ezagutuko dituzte, Zalakainen iritziz, «ezjakintasun eta aurreiritzi asko dagoelako, gai horren inguruan».

Eguerdian, Berdura plazan bilduko dira, jatorri ezberdinetako jakiak elkarrekin dastatzeko: Mendebaldeko Sahara, Nigeria, Senegal, Maroko eta Mexikoko janari tipikoak egongo dira. 17:30ean, berriz, Aljibera aldatuko da festa. Munduko hainbat musika entzunez, dantzaldi pribatua egingo dute. «Espazio intimoago batean antolatu nahi genuen festa, elkar ezagutzeko eta lehen pauso hori emateko egokiagoa iruditzen zaigulako leku bilduago bat», esan du Zalakainek. Festarekin jarraitu nahi duenak aukera izango du, iluntzean, Lurgatzek Beertoki elkartearekin elkarlanean antolatu dituen kontzertu eta afari-hitzaldian.

Behin topaketa amaituta, aurrera begira zein gogo sortzen den hausnartuko dute Lurgatzeko kideek. Festetan ere parte hartze aktiboa izango dute feministek eta, norabide horretan, Iturberen esperantza da, «pixkana, Villabonako emakumeen komunitatea zabaltzen joatea».

BEERTOKI-REKIN ELKARLANEAN ARIKO DA LURGATZ

Aisiaren, musikaren eta, orokorrean, bizitzaren ia alor guztietan bezala, gizonek bere egin dute garagardoaren mundua, baina oraingoan, hegemonia hori apurtzeko asmoz, emakumeak izango dira protagonista Beertoki elkarteak Lurgatz taldearekin batera antolatutako egitasmoan.

Larunbatean, afari-hitzaldi bat eta bi kontzertu antolatu dituzte. Villabonako gaztetxean, 19:00etan, Mara bakarlariaren eskutik, kontzertua izango da aurrena, eta ondoren Holy Nuns taldearen rock emanaldia izango da.

Jarraian, Bilbotik bertaratuko da Mar La Txika de la Cerveza. Bere garagardoak aurkeztuko ditu. Afaria pintxo eta mokadu beganoz lagunduta eskainiko dute eta, bitartean, emakumeek garagardoaren munduan bizi duten egoerari buruz hitz egingo du. Afari-hitzaldirako 20 euroan eman daiteke izena, Kale Nagusiko Kaori faktorian.

VILLABONAKO EMAKUMEEN I. TOPAKETA

Ekainak 15, larunbata

11:30. Topaketari hasiera emango zaio Errebote plazan. Aurkezpenak eta prestaketa egingo dira.

12:00. Errebote plazan tailerrak egingo dira: irakurketa feminista, kartelak, henna tailerra eta zapien erabilera ezberdinak.

14:00. Berdura plazan bazkaria: lurralde ezberdinetako emakumeen arteko janari dastaketa. Oharrak: Borondatea baino ez da kobratuko eta norberak bere mahai tresnak eraman beharko ditu.

16:30. Emakumeen dantzaldi pribatua Aljibean.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!