Elkartasuna oinarri hartuta, desafioa izango da igandean Amasan

Tolosaldeko Ataria 2019ko eka. 12a, 15:57

Aiztondoko preso eta iheslariei elkartasuna adierazteko eguna antolatu dute igandean, formatua aldatuta; herri kirolaz gain, musika, bertsoak eta jan-edanak izango dira.

Azken urteetan, Aiztondora eguna antolatu izan dute bailarako euskal preso eta iheslariei elkartasuna adierazteko. Antolatzaile lanetan dabilen Ana Otegik adierazi duenez, beste formatu batekin probatu nahi dute aurten, kirolak duen «erakargarritasuna» ikusita. Villabonako Oskar Zelarain, Iñigo Guridi, Manex Castro, Karlos Besance eta Emilio Salaberria presoei «babesa» emateko balioko du ekitaldiak, eta baita, Nekane Txapartegi iheslari asteasuarrarekin gogoratzeko ere.

11:00etan hasiko dira kirol probak eta behin hori bukatuta, preso eta iheslarien senideak omenduko dituzte. «Aurreskua dantzatuko diegu eta oparitxo bana emango diegu, gure babesa gertutik senti dezaten», esan du Otegik. Elkartasuna ekonomikoa ere izango da eta senideek bisitetan dituzten gastuak estaltzen laguntzeko taberna jarriko dute Amasan. «Patata tortilla pintxoak jarriko dira salgai, eta Aiztondoko herri bakoitza tortila kopuru jakin batez arduratuko da, denentzako adina egon dadin». Goiza borobiltzeko, Aitor Atxega larrauldarrak, Iñaki Zalakain billabonatarrak eta Larraitz Alkorta asteasuarrak jarriko dute musika. Haritz Mujika, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabalek jarritako bertsoak musikatu eta kantatuko dituzte.

Urteetan ospatu izan da Aiztondora eguna bailarako herri ezberdinetan txandaka, eta nahiz eta Villabonan behin baino gehiagotan ospatu den, sekula ez da Amasara igo. Herri horri «bere tokitxoa» egiteko, ekitaldi guztiak, igandean, Amasako plazan egingo dira 11:00etan hasita.

Eskualdeko kirolariak eman dute izena parte hartzeko eta bi fasetan ariko dira. Kirolez kirol, talde gorrikoak, talde berdekoen kontra aurrena, eta ondoren, talde bakoitzeko kideek lan guztiak zeinek azkarren egin lehiatuko dira. «Ohoretxoa» egongo da jokoan, azken helburua preso eta iheslariei elkartasuna adieraztea izango baita.

ELKARTASUN DESAFIOA

Ekainak 16, igandea

11:00. Herri kirol probak.

TALDE GORRIA: Aitor San Sebastian(lastoa), Alatzne Etxaburua eta Iñaki Esnal (trontza), Aitor Goenaga (korrika), Pello Argaia (ingudea) eta Mikel Alkorta (sega).

TALDE BERDEA: Lander Otermin (lastoa), Gurutze Astiasaran eta Mikel Arretxe (trontza), Ander Etxeberria (korrika), Arkaitz Arretxe (ingudea), Joseba Astiasaran (sega).

Ondoren. Bailarako presoen senideei omenaldia, musikaz eta bertsoez alaituta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!