Euskal kulturari begira jarriko dira Uda Ikastaroetan

Ataria 2019ko maiatzaren 30a

Abuztuaren 22 eta 23an Mintzolak antolatuta, besteak beste, Oihana Iguaran ariko da hizlari bezala.

EHUko Uda Ikastaroen barruan eta Donostiako Miramar jauregian, Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak ikastaroa eskainiko dute abuztuaren 22an eta 23an, Mintzola Ahozko Lantegiak zuzenduta. Gaur amaituko da merkeago matrikulatzeko eskaintza, eta horretarako, www.uik.eus webgunera jo beharko da.

«Bertsolaritzak bizi dituen mudez eta dudez ariko gara ikastaroan», esan dute antolatzaileek. Horretarako kulturari erreparatuko diote, kontsumoari edo transmisioari esate baterako, aurrera begirako erronkak zehaztearekin batera. Bigarren egunean, bertsolaritzak dituen hainbat artikulatzez ariko dira: «Rockarekin, gazteekin, hiztun berriekin, edo emakumeekin». Hain zuzen, Emakumeen presentzia egungo bertsolaritzan ponentzia eskainiko du Oihana Iguaranek, ikastaroaren barruan.

Jon Maia eta Miren Artetxerekin batera eta Harkaitz Zubirik gidatuta, Bertsolaritza artikulatzen; haizea alde eta kontra mahainguruan ere parte hartuko du amasarrak. Bertsolaritza kulturgintza mugimenduan eta sorkuntzan artikulatzea «estrategikoa» dela uste du Mintzolak.

BERTSOLAMINTZA JARDUNALDIA, ETZI, VILLABONAN

Subijana etxean, Iruñea, Senpere, Bilbo eta Gasteizen entzundako ideiak eta ondorioak ekarriko dituzte gogora, jardunaldiei amaiera emateko. Parte hartzea doakoa da baina aurrez eman behar da izena, mintzola@mintzola.eus helbidean. Parte hartzaileek elkarrekin Amasako Uxo-Tokin bazkalduko dute.

09:00. Ongietorria eta aurkezpena. Beñat Gaztelumendi.

09:20. Zeri kantatzen diogu eta zeri kantatu nahiko genioke? Zein da gaur egungo errealitatea? Amets Arzallus

09:45. Politikoki zuzena denaren eta transgresioaren arteko talka. Sustrai Colina

10:10. Feminismoa eta bertsogintza, gai-jartzailearen talaiatik. Maite Berriozabal.

10:35. Saio-formatuen inertziak. Amaia Agirre

10:50. Lau hizlariekin mahai-ingurua. Moderatzailea: Maddi Sarasua.

11:30. Atsedenaldia.

11:50. Hizkuntza ideologiak bertsolaritzan. Miren Artetxe.

12:15. Bertsolari gazteek zer berri? Asier Galarza eta Eli Pagola.

12:40. Nola sortzen da bertsogintzari buruzko iritzi publikoa? Xabier Aierdi.

13:05. Hiru hizlariekin mahai-ingurua. Moderatzailea: Ainhoa Aizpurua.

13:45. Jardunaldien itxiera: Jone Uria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!