Errebote plazan eraberritua ezagutzeko bisita gidatua egin zuten

Ataria 2019ko maiatzaren 28a

Maiatzaren 23an, Errebote plazako historia zein orain dela gutxi ipini diren panelen edukia ezagutzeko bisita gidatu bat burutu zen. Omenaldia egin zitzaien Carlos Etxenike eta Blas Garmendiaren alargunei.

Ongietorri eta bisita gidatuan zehar, lore sorta bat oparitu zitzaien Juli eta Kontxiri, Carlos Etxenike eta Blas Garmendiaren alargunei. Instituzioko hainbat ordezkarik, herritarrek zein erreboteari lotutako pertsonen familiartekoek parte hartu zuten ekitaldian, joko singular honen inguruan egin duten lanaren aintzatespena egin zitzaien.

Dani Carballo, arkitekto, pilotaren alorreko ikerlari eta proiektuaren erredaktore taldeko kideak, gaur egun amaitu den Errebote plazako eraberritze proiektuaren nondik-norakoak azaldu zituen.

Maite Izagirre alkateak, datorren asteetarako inaugurazio herrikoia antolatuko dela aipatu zuen amasa-billabonatar guztiek Errebote plaza berrituari ongietorria eman ahal izateko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!