Burua galdu dugu Instagramekin

Erabiltzailearen aurpegia Alex Padilla 2019ko maiatzaren 26a

Sare sozialek ordaintzen dizkidate nire hileroko fakturak eta kapritxo guztiak. Facebook, Twitter edo Instagram bezalako sare sozialen kudeaketaz arduratzeagatik, soldata bat jasotzen dut, hilero, aspalditik. Hala ere, azken hilabete hauetan, Instagramen arrakastak ekarri dizkigun ondorioak gorrotatzen hasi naiz.

Amerikar Estatu Batuetan izan naiz, Aste Santuan, nire lagun min batekin. Nueva York eta Chicago goitik behera ezagutzen ibili gara eta, bi aste luze hauetan, ehunka (beharbada milaka) argazki atera ditugu, gero horietako batzuk gure Instagram pertsonaletara igotzeko.

Aitortu beharra daukat, behin baino gehiagotan argazki kopuru muga bat jarri niola nire lagun minari. Nazkatuta amaitzen nuen, berak bilatzen zuen «argazki perfektu» hori lortzeko, aurretik atera behar nizkion 50 argazkiak egiten. Ilea solte, gero motots batekin; begirada eskuinera, orain ezker aldera; irribarre polit bat; ez, hobe serio. Uffff!!!

Hala ere, honen guztiaren errua ez da nire lagun minarena (asko maite zaitut, Mai!), Instagramek milleanialen eguneroko bizitzan izan duen eraginarena, baizik.

Instagram postureo hutsa dela esaten badut, ez dut ezer berririk esaten. Sare sozial honetan dagoen naturaltasun ezak, asko kezkatzen nau. Like edo Atsegin dut baten truke, edozer egiteko gai da (gara) jendea.

Gure «arrakasta digitala», argazki batek jasotzen dituen like-n arabera neurtzen dugu, eta honek bizitza irreal eta faltsu baten parte izatera eramaten ez ote gaituen galdetzen diot buruari, askotan. Argi dago sare sozialek onura asko ekarri dizkiotela gizarteari, baina, hainbat esparrutan, burua galtzen gabiltzala uste dut.

Gaur dena da Instagramagarria. Eta hori arazo larri bat da, bizitza erreala bizi beharrean, bizitza digitalean pentsatzen duenarentzat. Berarentzat eta bere inguruan daudenentzat. Nik neuk ere, bizitza digitalari behar duena baino denbora gehiago eskaintzen diot askotan, baina hori aldatzeko asmotan nabil honezkero. Ikusi beharko da, nire asmoak errealitate bihurtzen diren. Kontatuko dizuet ;)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!