Amaitu dituzte Errebote plazako lanak

Ataria 2019ko maiatzaren 21a

Amasa-Villabonako Udalak bisita gidatu bat antolatu du maiatzaren 23an, osteguna,12:00etan proiektuaren erredaktore taldeko kide izan den Dani Carballo arkitekto eta pilota alorreko ikertzailearekin.

Udaleko arkupean zein pilotaleku alboko horma batean Errebotearen inguruko pertsonaia entzutetsuen ibilbideari buruzko panel historikoak ipiniz, Errebote plazako birmoldaketa lanekin amaituko da.

Herriko garrantzizko gune sinboliko honen fisionomia nabarmenki hobetu duten lanek hilabete batzuk iraun dituzte, eta gaur egun, itxura berritua du egunez zein gauez.

Berritutako plazari ongietorria emateko, udalak bisita gidatu bat antolatu du maiatzaren 23an, osteguna,12:00etan proiektuaren erredaktore taldeko kide izan den Dani Carballo arkitekto eta pilota alorreko ikertzailearekin.

Proiektu honek Errebote jokoaren ondarea balioan jartzeaz gain, testuinguru historikoaren inguruko paneletan agertzen diren hainbat pertsonaia desberdinen inguruko ibilbidea azalduko du Dani Carballok.

Udalak amasar eta billabonatar guztiak animatzen ditu ongietorri ekimen honetan parte hartzera, "plaza guztiona baita".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!