'Kolorez Kolore' kanpainaren bigarren faseari ekingo diote

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 16a, 09:04

Beirazko pitxarrak banatuko dira, pedalak ipiniko dira edukiontzietan eta telazko poltsa berdeen banaketa berri bat burutuko du Amasa-Villabonako Udalak.

Gaikako hondakinen bilketa ehunekoak igotzeko helburuarekin eta zerbitzua hobetzeko asmoz, 2018an Kolorez Kolore, ingurumena zainduz beti hobe kanpaina jarri zuen martxan udal gobernuak, bilketari buruzko galdeketa batekin batera.

Edukiontziak modu egokian erabiltzeko eskuliburu bat etxe guztietara banatu ostean eta aurretik banatutako galdetegitik lortutako emaitzekin, kanpainaren bigarren faseari ekingo dio Amasa-Villabonako Udalak datozen asteetan.

Maite Izagirre alkateak aipatu duenez, udal kudeaketaren ardatzik garrantzitsuenetarikoak dira jasangarritasuna eta ingurumenaren defentsa. Amaitzear den agintaldian norabide horretan eman dituzten urratsak zerrendatu ditu: "Udal ibilgailuak berritu dira, kotxe hibrido GLP-Gasolina motorduna erosi da eta hemendik gutxira obretako brigadarentzat ibilgailu elektriko bat iritsiko da. Ibaien berreskurapenari dagokionez, udalaren apustua Oria ibaitik presak kentzea izan da, eta lehenengoz urte askoan, izokinak iritsi dira Villabona eta Tolosara". Alkateak udan errealitate bilakatuko den argiteria publikoaren sistema berria aipatu du, "aurrezpenean eta jasangarritasunean" oinarritutakoa. "Gipuzkoako Foru Aldundiak antolaturiko tailerretan ere parte hartu dugu etxeetako argi kontsumoa modu arduratsuan egiteko".

Hiri hondakinen bilketa

Bost edukiontzietan oinarritutako gaikako sistemaren bitartez Amasa-Villabona gaikako bilketan daturik hoberenak lortu dituen Tolosaldeko 5.000 biztanletik gorako herrian bilakatu dela aipatu du Izagirrek, baita Gipuzkoa mailako lehenengotarikoa (%80a baino gehiago lortuz).

Eneko Urdangarin Ingurumen zinegotziak aipatu bezala, "Amasa-Villabonak Tolosaldeko Mankomunitateak gaikako bilketaren inguruan jarritako helburuak soberan betetzen ditu. Ez ehunekoari dagokionez bakarrik, baizik eta denboretan ere. Udalean lan egiten den kontzeptuetako bat etenik gabeko hobekuntza da, eta horregatik, lorturiko datuetan geratzeaz gain, hondakinen kudeaketan zerbitzu on bat eskaini eta helburuetan markaturiko datuak hobetzen saiatu behar gara".

Honenbestez honako ekimenak jarriko dituzte martxan, Kolorez Kolore kanpainaren bigarren fasean:

- Beirazko pitxarren banaketa herriko taberna, jatetxe eta elkarteetan plastikozko ontziak murrizteko asmoz.

- Pedalak ipiniko dira edukiontzi guztietan pertsona guztiek zailtasunik gabe erabili ditzaten. Eskaera hau pertsona nagusi askok egin zuten aurreko galdeketan.

- Pegatinak jarriko dira edukiontzi hori eta berdeetan, herritarrak bilketa egunen berri informatu eta tamaina handiko trasteak noiz jasotzen diren azaltzeko.

- Telazko poltsa berdeen banaketa berri bat burutuko da herriko hainbat denden bitartez. Ekimen hau, behin bakarrik erabiltzen diren plastikozko poltsak ekiditeko egingo da.

- Sentsibilizazio bideoa ere zabaldu dute.

Hurrengo pausoen berri ere eman du Amasa-Villabonako Udalak, gaikako bilketan sakontzeko. Bilketa hau garbiguneei dagokien arren, hainbat produkturen bilketa herritarrei hurbildu nahi zaie, birziklapena era egoki batean egiteko. Herriko hainbat guneetan edukiontzi bereziak ipiniko dira non bonbilak, telefono mugikorrak, kargadoreak, aerosolak, erradiografiak, bateria txikiak, CD etaDVDak, botoi-pilak jasotzen diren.

Horrez gain, hainbat gai solidarioei laguntza emateko ekimen batean pentsatzen ari da udal gobernua, edukiontzi dekoratiboak ipiniz plastikozko tapoiak bertan botatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!