Truchueloren argazki artxiboaren zati bat, udalak kudeatuko du

Ataria 2019ko maiatzaren 9a

Doako lagatze kontratua izango da. 

Villabonako Kale Nagusian kokatuta dagoen Truchuelo Argazkiak, herriaren gertuko iraganeko historia kolektiboa markatu zuen; haurren danborraden, herriko festen, familiarteko gertakarien, erregeen kabalkaden eta beste hainbat ospakizunen argazkiak eginez.

Eneko Urdangarin zinegotziaren kudeaketa lanei esker eta argazkilariaren familiarekin egindako akordioaren bitartez, Truchuelo Argazkien argazki artxiboko zati bat (zoritxarrez hainbat negatibo galdu ziren 80ko hamarkadako uholdeetan) Amasa-Villabonako Udalak kudeatuko du.

Andoainek egin zuen moduan, doako lagatze kontratu labur bat sinatuko da Emilio eta Ramón Truchuelo anaien argazki artxiboaren zati bat, udal artxiboarena izan dadin, amasa-billabonatarrena eta orokorrean, publiko guztiarena, beraz. Lagatze kontratuak, irabazi asmorik gabeko helburu kulturalekin egindako hedapenaren lagatzea ere hartzen du barne.

Truchuelo familiak Amasa-Villabonari utziko dion artxibo horren barne dira besteak beste, 70. hamarkadako Amasa eta Villabonako ezkontza eta jaunartzeetako argazkiak, 1973an, Sacem-era Francoren industriako ministroaren bisitako argazkiak, Alonso Irigoras familiaren argazkiak, plazako futboleko irudiak zein 1980. urteko Errebote jokoaren argazkiak eta jazbanaren argazkiak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!