'VAgera herri bat' ikuskizunaz balorazio positiboa

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 14a, 16:59

Balantze positiboa egin dute eta publikoaren aldetik egondako erantzun bikaina azpimarratu dute Migel Zeberio zuzendariak eta Maite Izagirre alkateak. 

Publikoak erantzun bikaina eduki du. Bi kontzertuetan, mila ikusletik gora batu ziren kiroldegian, honako hau, Amasa-Villabonako kultur ekitaldi batentzako datu garrantzitsua izanik. Euskal Herri osotik bertaratutako jende ugari izan zen ikuskizunak oihartzun nabarmena lortuz. Parte hartze datu hauekin batera, bertaratu ziren pertsonen balorazioa oso positiboa izan zen, askok lehen mailako ikuskizuna izan zela aitortuz.

Maite Izagirre alkateak esan bezala, “balorazio positibo honen beste alderdi bat, ikuskizunak izan zuen izaera solidarioa da. Alkate moduan Europa mailan, autismoa duten pertsonen arretan erreferentea den Gautena bezalako erakunde bati ekonomikoki lagundu eta ikusgarritasuna eman izanak izugarri pozten nau”. Baita ere, erakundeak ikuskizunaren antolakuntzan eskaini zuen laguntza (tiketen salmenta, segurtasuna, publikoari informatu…) aipatu du.

Ekitaldian nabarmenduriko beste balio bat herri identitatea eta amasar eta billabonatar izatearen sentimenduak indartu eta sakontzea izan da, gizarte kohesio eta elkarbizitzarako pauso garrantzitsuak emanez.

Izagirrek azaldu duen moduan, "VA gera herri bat ikuskizunak gainera, azken mila urteetako historia freskatu digu: Amasa eta Villabonako instituzioen garapena, bi herrien deitura ofizialak jasandako aldaketak (Villabona-Amasa eta Amasa-Villabona aldatuz), kultur ondarea (oilasko jokoa, Errebotea) eta gizarte kolektibo moduan gehiago ezagutzea ahalbidetu diguten beste hainbat kontu”.

VA gera herri bat ikuskizunak gainera, Amasa-Villabonako sinboloak indartzeko balio izan du, Jose Antonio San Miguel konpositorearen musika konponketa ausartekin eta Juan Kruz Igerabide idazle entzutetsuak eginiko euskarazko letrek Villabonako ereserkia berritu dutelarik. Horren harira, Izagirrek "datozen Santio haietan eta Samartiñetan, doinu eta letra berri honi balorea emango diogu, herritar guztientzako ezaguna izan dadin eta erabil dezagun”, gehitu du.

Komunikazioaren dagokionez, VA gera herri bat ikuskizuna eskualdeko medioetan agertzeaz gain, Euskadi mailako beste hainbat hedabideetan ere oihartzuna izan du. Azken egunetan, Amasa-Villabona erreferentzia izan da albiste kulturaletan. Hedatze lan horri esker, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua den Bingen Zupiria eta Etxepare Institutuko zuzendaria den Irene Larraza bertaratu ziren maiatzaren 4ko ikuskizunaz gozatzeko. Alkateak gogoratu bezala, "Legealdi honetan, hainbeste esfortzuren bitartez instituzio arteko kolaborazioa sustatu dugunez, Eusko Jaurlaritzako maila horretako bi ordezkarien agerpenak, guztiz indartzen du azken lau urteetan egin dugun apustua”.

Laguntza ekonomikoei dagokionez, VA gera herri bat ikuskizunak hiru tokitako laguntza ekonomikoa izan du: AV400 partidan 2019ko udal aurrekontuetatik jasotakoa, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskainitako diru-laguntza, eta nola ez, musikari desberdinek eskainitako laguntza, Izagirrek azpimarratu duen bezala, “proiektua egingarria izan zedin herrikoak ez direnek beraien ordainsaria nabarmenki jaitsi dute, eta nola ez, herriko taldeek, dohainik lan egin dute. Poztekoa da parte hartzaileek proiektu honekiko erakutsi duten konpromisoa hain handia izan dela ikustea.”

Bukatzeko, “VA gera herri bat ikuskizunak izan duen balio erantsi garrantzitsua nabarmentzen amaitu du Maite Izagirrek, “lehenengo aldiz, Amasa-Villabonako kultur ordezkari talde handi hau batu da: Eresargi Abesbatza, Eresargi Txiki, Iguaran eta Agirre bertsolariak, Buruhandi eta Erraldoien konpartsa den Besamotza taldea, Xabier Berasaluze “Leturia”, Astiazaran trikitilariak, LAIN Taldea eta Oinkari. “Inoiz ez da horrelako gertaerarik eman eta uste dut horrelako zerbait lortu izanagatik harro sentitu behar garela.” esanez bukatu du Izagirrek. 

Migel Zeberio, VA gera herri bat ikuskizuneko zuzendaria, “oso pozik” agertu da ekitaldiaren balantzearen inguruan, “ez da ohikoa Amasa-Villabonan egin den ikuskizuna aurrera ateratzea. Lan berezia izan da, herriari eta bere historiari egokituriko ikuskari originala”. Berak esan bezala, beste leku batzuetan artistak ekarri, kontzertua eskaini eta hor bukatzen da dena, baina kasu honetan, herrira egokitu da, herritarrekin elkartu, diziplina ezberdinak uztartu eta herrikoa den eta erabat aitzindaria bilakatu den VA gera herri bat sortu da.

“Lan asko egin da prestaketetan, hilabetetako ardura izan da. Talde emankor eta anitza sortu eta pieza guztiak batuz emaitza ezin hobea lortu dugu. Parte hartu duten gaztetxo eta haurrek ez dute sekula ahaztuko hemen ikusi eta bizitakoa”, adierazi du Zeberiok.

Kultura bultzatzeko deialdia ere egin du Et Incarnatus Orkestrako Zuzendariak “herrietara Kursaal bezalako leku batean ikusiko luketen ikuskizun berbera ekartzen saiatzen gara. Kulturak denon eskura egon behar du eta berebizikoa da instituzioetatik erronkak hartu eta gauzatzea. Nire ustez, kultura da herri hau aurrera eramango duen gaia.”

Bukatzeko, ikuskizunean parte hartu duten herriko eragile guztiei bere esker ona adierazi die eta baita udalean eta honen inguruan lanean aritzen diren guztiei ere egindako lan handiagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!