Amasamendiko larreak ganaduarentzat ireki dituzte

Komizarren egin da larre irekiera ekitaldia, gaur goizean, zortzigarren aldiz. Falkoneria erakustaldia egin eta bertaratutakoei hamaiketakoa banatu diete.

2012an antolatu zuen lehen aldiz Amasa-Villabonako Udalak larre irekiera ekitaldia Komizarren. Ordutik, urtero ospatu izan dute Amasako ganaduzaleek festa, herritarrekin batera. 11 baserritarrek, gaurtik aurrera, mendian ibiliko dute ganadua urtea amaitu bitartean.

Amasamendin zazpi sail daude eta txandaka ibiltzen dute horietan ganadua. Hiru buelta oso ematen dituzte zaldi, behor eta behiek. 50 zaldi eta 80 behi inguru bota dituzte gaur mendira. Ardiak, Amasamendiko goi partean izaten dira, eta 800 buru maneiatzen dituzte herriko bost artzainek.

Ganaduzaleak izan dira gaur protagonista Komizarren. Haientzako salda, pintxoak, sagardoa eta ardoa banatu ditu udalak, baita gerturatu diren herritarrentzat ere. Geroz eta jende gehiago bertaratzen da larre irekiera ekitaldira.

Gainera, aurten lehen aldiz, falkoneria erakustaldiak egin dituzte Komizarren eta hegaztiekin argazkiak ateratzeko aukera izan dute herritarrek.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!