Maiatzaren 10ean egingo dituzte Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak Villabonan

Tolosaldeko Ataria 2019ko api. 30a, 17:33

Bilaketa bakarra eskaintzea helburu duten esperientziak ezagutaraziko dira aurtengo jardunaldietan. Maiatzaren 10ean izango dira, Amasa-Villabonako Subijana etxean, 10:00etan hasita. Sarrera doakoa da, baina xenpelar@bertsozale.eus helbidera idatzita eman beharko da izena, maiatzaren 8a baino lehen.

Ahozko ondareak berezko dituen ezaugarriengatik, hainbat gunetan biltzen diren datu eta dokumentazio mota ezberdinak modu bateratuan eskaintzeko beharrak bultzatuta sortu dira aurtengo Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak.

Beharrizan hau ahozko ondaretik haragokoa ere bada. Herritarrei ondarea esku-eskura jartzeko, ondarearen digitalizazio eta datu bilketa handiak egin dira azken urteotan, eta Interneten gune ezberdinetan antolatu dira. Atari batean eta bestean eskaintzen diren datuak elkar gurutzatzea ahalbidetzen duten bilaketa bakarreko aukerak garatu dira azken urteotan, eta erabiltzaileak, klik bakar batean, ahalik eta emaitza eraginkorrena lortzen du.

Eusko Jaurlaritzak hiru datu-base biltzen dituen Liburubila egitasmoa gauzatu du, eta hori azalduko dute Mikel Aizpuru Eusko Jaurlaritzako Ondare zuzendariak eta Francisca Pulgar Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuko arduradunak. Ipar Euskal Herrian dauden euskal dokumentuen funtsak sarean modu bateratuan eskaintzeko helburua du, bestalde, Bilketa.eus ekimenak; Baionako Mediatekako Marie-Andrée Ouretek emango digu haren berri. Artium museoko liburutegi arduradunak, Elena Roserasek, azalduko du museoko dokumentazioa eskaintzeko garatu duten sistema. Eta, azkenik, Aitor Maritxalar informatika garatzaileak bilaketa bakarra eskaintzeko Euskaltzaindiak eta BDB Datu Baseak darabilten Solr sistema zer den azalduko du.

Aurten findu du Xenpelar Dokumentazio Zentroak BDB Bertsolaritzaren Datu Basearen bilatzailea. Solr sistemari esker, datu base hainbat elkar gurutzatzen ditu orain bilatzaileak, eta, hala, ahalik eta emaitza eraginkor eta osatuena eskaintzen zaio erabiltzaileari bilaketa egiten duenean.

Jardunaldien amaieran, iritzi trukerako abagunea izango da, noski.

Seigarren urtez antolatzen

Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak dokumentazio alorraren eta, bereziki, Euskal Herriko dokumentazio gaien inguruko gogoetak bultzatzeko eta ezagutarazteko helburuz sortu ziren. Bertsolaritzaz harago, euskarazko ahozko beste kultur adierazpide gehiagoren inguruan sustatu izan dira. Aurtengoa seigarren aldia da.

Mintzola Ahozko Lantegia, Bertsozale Elkartea eta Iametza Interaktiboa dira aurtengo antolatzaileak; Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkarteak (ALDEE) lagunduko du jardunaldien berri zabaltzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!