111 Akademiaren saria Amasan emango diote Harkaitz Canori ekainaren 6an

Ataria 2019ko apirilaren 30a

Ekainaren 6an, Amasako Hika txakolindegian egingo den ekitaldian jasoko du akademiako kideek erabakitako aipamena. 2018an argitaratutako liburuen artean 'Fakirraren ahotsa' eleberria aukeratu dute gustukoen.

Hiru fasetan banatuta 102 kidek parte hartu dute bozketan, eta azken fasean, Katixa Agirreren Amek ez dute eleberria izan du lehiakide Harkaitz Canoren nobelak.

2012. urtera arte Beterriko Liburua izena zuen sariketak eta Beterri-Aiztondo eskualdeko udaletxeetan txandaka egiten zen sari emate ekitaldia. Azken urteetan Andoaingo Bastero kulturgunean eman izan dute saria,  baina aurten Amasako Hika txakolindegira aldatuko dute ekitaldia.

23. edizioa izango da aurtengoa eta Lasarteko idazleari bigarren aldiz emango diote, aurrez 2011n, Twist eleberriagatik jaso baitzuen ohorezko aipamena. Sari hau bi aldiz irabazi izan dute Ramon Saizarbitoriak (Gorde nazazu lurpean, 2000 eta Martutene, 2012) eta Anjel Lertxundik (Zorion perfektua, 2002 eta Zoaz infernura laztana, 2008).

19:00ean hasiko da Hika Txakolindegian sari banaketa ekitaldia. Upategietara bisita egingo dute aurrena eta 19:15ean Olatz Prat, Josune Marin eta Joxan Goikoetxea musikariek emanaldia eskainiko dute. Segidan saritutako obraren printzak emango dituzte eta 19:30ean hasiko da sari ematea. Harkaitz Canok hitz batzuk ere esango ditu. Saritutako lanaren azken printzak eman eta musikarien bigarren emanaldiaren ondotik, Roberto Ruiz sukaldariak prestaturiko zizka-mizkak dastatu ahal izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!