Gizarte-bonoari buruzko azalpenak emateko tailerra egingo dute

Ataria 2019ko apirilaren 29a

Kontsumobidek eta Tolosaldeko Kiubak Villabonako Udalaren Gizarte zerbitzuekin batera gizarte-bonuari buruzko prestakuntza-tailerra antolatu dute maiatzaren 6rako.17:00tan egingo da Villabonako Subijana etxearen areto nagusian.

Tailerraren helburua informazioa ematea da; gizarte-bonua edukitzeko eskubideari buruz eta bonua nola eskuratzen den. Tailerrean nork eska dezakeen gizarte-bonua eta nola eskatu azalduko da. Prestakuntza-tailerra gizarte-bonuaren onuradun izan daitezkeen pertsonei zuzenduta dago bereziki; familia ugariak, pentsiodunak, errenta baxua duten pertsonak edo gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan daudenak. Interesekoa izan daiteke baita ere zirkunstantzia berezietan dauden senideekin bizi diren familientzat: guraso bakarrekoak, desgaitasunak dituztenak, II. edo III. mailako menpekotasuna, genero-indarkeriaren edo terrorismoaren biktimak.

Gizarte-bonua baliabide urriak dituzten pertsonen kalteberatasuna arintzeko bideratutako ekimena da eta pobrezia energetikoa nozitzeko egoerak saihestea du helburu. Lehengo gizarte-bonuaren onuradun zirenek berriro eskatu beharko dute eta baldintza berriak betetzen dituztela egiaztatu. 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako eskaerek, onartzen badira, deskontuak sorraraziko dituzte fakturazio zikloaren lehenengo egunetik hasita.

Prestakuntza-tailer honek ordubeteko iraupena gutxi gorabehera izango du eta Kontsumobidek “Nola eskatu gizarte-bonua hiru pausotan” izenburupean euskal geografia osoan antolatutako hainbat tailerren esparruan kokatzen da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!