Hainbat herrialdeetatik etorri dira Villabonara 16 garagardogile, aukera zabala eskainiz artisau garagardoetan. eta aukera ugari dago garagardoetan. Berez 17 izaten dira etortzen direnak, baina batek huts egin du, eta azken unean etxean garagardoa egiten duten antolakuntzakoen lagun batzuk postu batean jarri dira eta bertan ari dira garagardoa egiten.
Igor Fernandez eta Eneko Calvo antolakuntzako kideek azaldu dutenez, "aurreko urtea izan zen zalantza handia izan genuena azokarekin. Eguraldi txarra izan zen gainera, eta ikusi nahi genuen azokarekin aurrera jarraituko genuen ala ez. Ondo atera zen eta espero dugu horrela jarraitzea ere. Azokak ondo funtzionatzen du daukan tamainan eta horrela jarraituko dugu". Lau pertsona dira antolakuntzan, baina egunaren bueltan 50 pertsona inguru daude laguntzen eta horiei gabe ez direla ezer diote antolatzaileek. "Garagardogileei dagokionez, eskertzen diegu hona etortzeko egiten duten ahalegina. Aurten 27 zeuden izena emanda, eta gero zozketa bidez 17 atera dira", azaldu dute.
Garai garagardogileko kideak lehen aldiz daude Beertokin, eta bertako Ibon Berriozabalgoitiak azaldu duenez, "orain urte asko hasi ginen etxean egiten garagardoa, eta gure inguruan garagardo markarik ez zegoenez, eta eskatzen zigutenez, erabaki genuen garagardo marka ateratzea. Nomadak izan gara, eta orain Garain enpresa txiki bat muntatu dugu". Beraien asmoa ez da garagardogile bezala bizimodua ateratzea: "Hori oso zaila da. Kide bakoitzak bere lana du eta garagardoa egitearena afizio moduan hartzen dugu. Jarraitzeko asmoa dugu, oso ondo pasatzen dugulako garagardoa eginez, lagunekin egonez, beste garagardogile gehiago ezagutuz, azoketara etorriz...".
Garagardoak dastatzeaz gain, pintxoak jateko aukera ere badago, Ama tabernakoen bidez. Horrez gain, aurten berezitasun moduan, herriko artisauek euren postuak jarri dituzte frontoiaren kanpoaldean. Azokak 23:00ak arte izango da irekita.
Harri-jasotze txapelketa
Aurtengo beste berezitasun bat herri arteko harri-jasotze txapelketa izan da. Hiru minutuko txandatan, 53 eta 63 kiloko harri borobilak altxatu behar izan dituzte. Alkizako Aitor Otegi eta Juan Jose Olarra, Andoaingo Jon Jauregi eta Jon Lopez de Muniain, Villabonako Mikel Otaño eta Xabi Arantzabal, eta Ibarrako Iñaki Agirre eta Tolosako Iñaki Errazkin aritu dira lehian. Azken hauek irabazi dute 5.747 kilo altxatuaz. Bigarrenak alkizarrak izan dira, 5.263 kilo altxatuz; hirugarrenak andoaindarrak izan dira 4.474 kilorekin, eta laugarrenak billabonatarrak, 4.080 kilo altxatuz. Irabazleak "oso gustura" agertu dira: "Saria irabazten duzunean beti geratzen zara oso gustura. Ematen zuen alkizarrak harrapatzea zaila izango zela, baina nahiko ondo moldatu gara eta gustura. Gainera, zortea izan dugu azkenak izan garelako parte hartzen eta aurrekoek zer egin duten jakiteak abantaila ematen du".