Ogasun batzordeak kreditu aldaketa bat onartu du

Ataria 2019ko apirilaren 15a

Amasa-Villabonako Udaleko Ogasun batzordeak inbertsio garrantzitsuak aurrera eraman ahal izateko 134.340 euroko kredituen aldaketa bat onartu zuen pasa den ostiralean.

Partida hauetako batzuk larrialdi egoeran dauden pertsonak artatzeko (indarkeria jasandako emakumeak, arriskuan dauden adin txikikoak, hondamendien biktimak...) berritua izan den Oriamendi 6 gizarte zerbitzuetako etxebizitzara zuzendu da; baita, segurtasun handiagoa bermatzeko egin diren sokamuturreko itxitura berriei (6.579 euro) eta hilerrian kolunbarioak edo erraustutakoen urnak gordetzeko eraikitako guneari egiten diete erreferentzia (3.052 euro). Ekimen berritzaile honekin, herritarren eskaerei erantzungo zaie geroz eta gehiago baitira errausteko erabakia hartzen dutenak.

Kirolari dagokionez, kredituen aldaketa, Olaederra kiroldegiko itogin arazoak eta pitzadurak konpontzeko (16.613 euro) eta Amasako frontoiko lanak amaitzeko (23.444 euro) bideratuko dira. Kiroldegiari dagokionez, baita ere aipatu, gobernu taldea aurrekontu baten zain dagoela kirol anitzeko jokalekuko teilatu zatia konpontzeko.

Eta azkenik, partidarik garrantzitsuena, Errebote plazako birmoldaketa lanetarako (jada bere azken fasean dagoena) eta bizilagun batzuen eskakizunari erantzuna emateko asmoz, udaletxeko atzeko horma pintatzeko bideratutakoak izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!