Beertoki Garagardo Azokaren zozketako txartelak, salgai

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko api. 12a, 19:58

Amasa-Villabonako Beertoki Garagardo Azokak ia guztia prest du hilaren 27an egingo den azokarako. Aurretik, ordea, egunean bertan egingo den zozketarako txartelak salgai jarriak dituzte.

60 euskal garagardo artisau baino gehiago eta Oria Merkatarien Elkarteko saltokietan gastatzeko 150 euroko erosketa txartela dira zozkatuko dituztenak. Txartelak 2 eurotan erosi daitezke, Amasa kafetegian, Basajaun liburu dendan, Tinta inprimategian, Labezain okindegian, Apatx tabernan eta RK tabernan. Antolatzaileek nabarmendu dute, "balio handiko saria dela" 60 euskal garagardo ezberdin eskuratzeko aukera izatea.

Egunean bertan, 11:00etatik 23:00etara egongo da zabalik Beertoki Garagardo Azoka, eta hamazazpi ekoizleren garagardoak dastatu eta erosteko aukera izango da. Ekoizle bakoitzak bi, hiru edo lau garagardo mota ekarriko ditu azokara. Bestetik, Tolosako Ama tabernak jarriko du jatea erosteko postua. Hauez gain, pilotalekuaren kanpoan, Herriko Artisten Azoka egongo da. Zatzaizkit Atelier, Amets Zalakain, Kaori eta Selene Martin. Sualmak, egurrezko jostailuen postua jarriko du, baina baita haurrek jolasteko txoko bat ere.

12:30ean, berriz, Herri Arteko Harri desafioa egingo da. Alkiza, Villabona, Andoain eta Ibarra-Tolosako bikote bana ariko da 60 eta 80 kiloko harri bolak altxatzen. Ane Maiza eta Goretti Amonarrizek egingo dituzte epaile lanak.

Euskal Herriko Garagardo Azokaren antolatzaileek, "ezagutu, dastatu eta gozatzeko" deia egin dute. Horretarako eguna, hilaren 27a, larunbata izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!