21. Korrika - 2019

Amasa-Villabonako Udalak Korrikan parte hartzera deitu du

Ataria 2019ko apirilaren 11

Korrika eta bere mezuarekin bat egiten duela azaldu du udalak; bestetik, herrian sortu den batzordearen deialdiak zabaldu ditu.

Amasa-Villabonako Udalak Korrikarekin bat egiten duela esan du, baita bere mezuarekin ere: "Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera, hautua egitea”. Horrez gain, herrian antolatu diren ekimenetan parte hartzeko deialdia egin du udalak: "Korrikaren festa ospatzeko, batzorde berezi bat antolatu da herriko eragile eta udalean aurkitzen diren alderdi politiko ezberdinetako ordezkariekin batera. Ohikoa den bezala, Udalak diru-laguntza bat emango dio Korrikari".


Apirilaren 12an, ostirala, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Villabonan.

  • 15:15. Korrika Txikia antolatu da herriko eskola guztien parte hartzearekin eta gero txokolatada egingo da.
  • 18:00. Patxin eta Potxin pailazoen ikuskizuna ikusi ahal izango dute umeek Berdura Plazan.
  • 19:00. Erraldoi eta buruhandien txanda izango da Besamotza konpartsa eta Loatzoko musikariekin batera.
  • 21:30. Afari herrikoia. Jatekoa norberak eraman behar du, edatekoa, sagardo kupelak, bertan egongo dira.
  • 22:30. Bertso saioari emango zaio hasiera, parte-hartzaile gisa, Ander Goikoetxea, Beñat Iguaran, Beñat Karrera, Iñaki Otaegi, Maddi Aiestaran eta Aritz Mujika egongo dira. Gai jartzailea Amaia Agirre izango da.
  • 23:30. Elektropapo, elektro-txarangaren kalejira izango dugu.

Amaitzeko, udalak azpimarratu du Korrika, apirilaren 13ko, goizeko 3:29etan pasako dela Amasa-Villabonatik. "Zizurkildik etorriko den lekukoa Maite Izagirre, Amasa-Villabonako alkateak, hartuko du Zubimusu zubiaren erdian. Bertatik, Txermin aldera joko du eta herriko merkatariei emango die. Jarraian lekukoak herria zeharkatu eta Tolosaruntz abiatuko da".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!