«Beste ilusio batekin joaten gara Iparraldera trinketean jokatzera»

Imanol Garcia Landa 2019ko api. 10a, 11:59

Trinketean emaitza nabarmenak lortzen ari da Eneko Maiz pilotari billabonatarra. Datorren denboraldian lehen mailan ariko da.

Trinketeko eskuz banakako lehen mailako txapelketa jokatuko du Eneko Maizek (Villabona, 1996). Behar Zana elkarteko pilotariak denboraldia hirugarren mailan hasi zuen eta hura irabazi ondoren, bigarren mailan lehiatzeko aukera izan zuen jarraian, eta txapelketa horretan ere gailendu ostean, lehen mailan jokatzeko txartela eskuratu du.

Denboraldi berezia izan da aurtengoa, bi koska igotzea lortu baitituzu. Nola izan da?

Iaz hasi nintzen Iparraldeko hirugarren mailatik jokatzen, eta zorte txarra izan nuen eta eskumuturra puskatu nuen, eta ezin izan nuen jarraitu. Aurten arantza hori ateratzeko asmotan txapelketa jokatzen hasi ginen; partidak ondo joan dira eta zorionez urtebetean bi maila igotzeko aukera izan dugu. Uste dut salto handia dela. Hurrengo urtera begira, aurkari gogorragoak izango dira, noski, baina gogotsu gaude.

Ez da ohikoa izango bi maila segidan igotzea, ezta? Beste norbaitek egin du hori?

Nik ez dut ezagutzen inor, baina ziur izango dela norbait hori egin duena. Aurten niri tokatu zait.

Iparraldeko txapelketa dela komentatu duzu. Gipuzkoan beste pilotariren bat badago?

Aurten Gipuzkoako Txapelketan nirekin bikote izan den Oier Gurutzealde astigartarrak ere jokatu du Iparraldeko txapelketa. Bera bigarren mailatik hasi zen, aurretik igotzea lortu zuelako, baina ez zuen lortu aurrera egitea. Egia da hemengo trinket jokoarekin alderatuta, han beste zaletasun bat, beste maila bat dagoela. Jende askoz gehiago dago. Han lau maila daude eta bakoitzean jende pila bat dago, eta hemen betiko lau katu gaude lehian. Beste ilusio batekin joaten gara hara, badakigulako jendea izango dela ikusten, partida gogorrak izango direlako, eta badakigulako gure maila eman beharko dugula partida irabazteko.

Noiz hasiko duzu lehen mailako denboraldia?

Hori hurrengo urtean izango da, 2020an. Baita binakako txapelketa ere. Aurten buruz burukoan bakarrik atera gara Iparraldean, eta ikusiko dugu datorren urtean binakakoan ariko garen.

Eta lehen mailan zeinen aurka ariko zara, Waltari eta enparauen aurka?

Jendeak agian konfusioa duela uste dut. Profesional maila bat dago, eta gero afizionatuen lehen mailan dago. Maila handia da, eta, adibidez, aurreko urtean lehen mailan irabazi zuenak aurten profesionaletara igo dela. Beraz, ilusioa ere hor dago, ea hurrengo urtera begira gauzak ondo joaten diren eta noizbait Waltari bezalako pilotari baten aurka, edota Munduko Txapelketaren finala jokatu nuen Ducassou eta beste pilotari handi askoren aurka jokatzeko aukera dudan.

Noiz hasten zara zehazki?

Urtarrilean hasten da, eta txapelketa luzea joaten da. Bi hilabete luzez, astero-astero, izaten dira partidak. Gero, ez da ziurtatzen lehen mailan irabazita profesionaletara igoko dizuenik. Beti ere, ikusten dute nolako maila duzun, eta beraiei gustatuz gero, baliteke partidak jokatzea beraien aurka.

Munduko Txapelketa urrian jokatu zenuen, eta txapeldunorde izan zinen.

Munduko Txapelketara joatea bakarrik oparia da. Hamar egun eder pasatu genituen, eta zortez finalera iristea lortu nuen. Nahiz eta finalean jokorik onena egin ez, eta nire onena ez eman, munduko txapeldunorde geratuta, nik uste maila polita eman nuela. Pena da finalean gerra pixka bat gehiago eman nahi niola Ducassouri, baina ez zen horrela gertatu, eta, hala ere, pozik nago pasa genuen astearekin eta baita emaitzarekin ere.

Hain justu, orain gutxi omenaldia egin zizueten Behar Zana elkartekoek.

Orain bi urte 22 urtez azpiko Munduko Txapelketa jokatzen aritu nintzen Argentinan eta omenaldia egin zidaten. Aurtengoan bereziagoa izan zen, pilota eskolako haur gehienak zeuden txuriz jantzita, eta pasilloa egin zidaten, eta hunkitu egin nintzen. Behar Zanako haur guztien sinadura duen kamisetarekin koadro bat oparitu zidaten eta oso oroigarri polita da.

Bestalde, denboraldi honetan Gipuzkoako Txapelketa irabazi duzu banaka eta binaka.

Behar Zana elkartearekin irabazi ahal izan ditut bi txapelketak, lehen mailan. Buruz burukoa irabazi dudan lehen aldia izan da. Iaz ondo nengoen, baina eskumuturra hautsi nuen eta binakakoa ere ezin izan nuen jarraitu.

Trinketean bukatu duzu denboraldia?

Orain Grabni txapelketa jokatzen ari naiz, Gipuzkoako selekzioarekin. Nahiz eta uda aldean hemen ez izan txapelketarik, partida dezente jokatzen ditugu trinketean. Pasa den urtean zortea izan nuen Iparraldetik deitu baitzidaten bigarren mailako profesionalekin partida batzuk jokatzeko. Aurten ere deia jaso dut behintzat entrenatzera bertara joateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!