'VAgera herri bat' ikuskizunerako sarrerak salgai

Ataria 2019ko api. 16a, 13:18

Ikuskizuna maiatzaren 3an eta 4an izango da, 22:00etan, eta bildutako dirua Gautena elkartearentzat izango da. Sarrerek 12 euro balioko dute.

 

Tiket-laguntzak salgai egongo dira Amasa kafetegian, Basajaun liburu dendan eta Interneteko BIBE plataforman, maiatzaren 3rako eta maiatzaren 4rako.

Migel Zeberio musikagile tolosarraren eta berak zuzentzen duen Et Incarnatus orkestraren eskutik, VAgera herri bat ikuskizuna burutuko da maiatzaren 3an eta 4an, Olaederra kiroldegian. Diziplina anitzeko ikuskizun historiko-artistikoa izango da, non musika klasikoa, trikitixa, dantza garaikidea, bertsolariak, pop musika, poesia, antzerkia, rapa, abesbatzak, roka, erraldoi eta buruhandiak… uztartuko diren, folklore euskaldunaren aterkipean eta proiekzio audiobisualekin batera gure lurreko eta naturako soinuekin nahastuz. 

Maite Izagirrek azaldu duen modura Foru Aldundiaren babes eta laguntza ekonomikoa ditu ikuskizunak, "eta 1619. urtean desafio ekonomikoei aurre egiteko Amasa eta Villabona batu zireneko 400. urteurrenaren harira antolatutako ekimenen barnean egingo da". VAgera herri bat ikuskizuna proiektu handia dela ikusi ahal izango dugu. Emozio askoko emanaldi berezia, amasar billabonatarren babesa izatea espero duguna eta baita gainontzeko publikoarena ere; gure herriaren historia, Euskal Herriaren historia baita. Miguel Zeberio, Et Incarnatus orkestrako zuzendariak "ikusgarri handi bat izango da, lehena eta oraina batuko dituena, 1000 urteko historia laburbilduz, teknologia eta diziplina artistiko ezberdinak uztartuz".

Agurtzane Intxaurraga, zuzendari artistikoak, oso erronka handia dela adierazi du “gertaera historikoa, gertaera artistikoan bilakatu dugu. Historia Amasa-Villabona Nafarroa zen garaitik gaur egun arte eszenifikatu dugu eta gai zentral bezala oilasko jokoa erabili dugu, bizitzaren eta heriotzaren arteko sinbolizazio modura”. Juan Kruz Igerabide idazleak hitzak jarri dizkio musikari “hitza, musika, mugimendua… izango dira historia kontatuko dutenak”.

Ikuskizun honek gainera, osagai solidario bat du, autismoaren harira Europa mailan aintzatespen handia duen Gautena erakundeari lagunduko zaio. Amaia Lopetegi zuzendariak, elkartearentzat oso aukera ona dela adierazi du “Gautena elkarte modura ikusarazteko balioko du, eta gainera, diru-laguntza ekarpen garrantzitsua izango da guretzat".

Gautena Gipuzkoako Autismo Elkartea da, irabazi asmorik gabeko erakundea. Helburua, gizarteari autismoari buruz informatzea eta autismoa duten pertsonei zerbitzu egokiak eskaintzea da. Une honetan, Gipuzkoako 800 familiek jasotzen dute laguntza hori. Horrez gain, “Fila Cero” ere jarri da, Elkarteari bideraturiko diren laguntzak lortzeko: ES03 2095 5206 0510 6247 2773.

Ikuskizunaren irudia

Gaur VAgera herri bat ikuskizuneko kartela aurkeztu da, bi herriak batu zireneko 400. urteurrena (1619-2019) irudikatzen duen ikuskizuna eta programazioan pisu berezia izango duena. Kartelaren aurkezpena Maite Izagirre, Amasa-Villabonako alkatearen, eta Migel Zeberio, musikari eta konposatzailearen eskutik egin da, Villabonako Olaederra Kiroldegian maiatzaren 3 eta 4an burutuko den ikuskizun berritzaile eta aitzindariaren zuzendaria baita tolosarra.

Alkateak nabarmendu duenez, "kartelak bi esku lirain aurkezten ditu, aldi berean, irmoak eta ausartak, bi herrietako (Amasa eta Villabona) planoak irudikatzen dituzten lerro topografikoetatik jaiotzen direnak, bi herrien elkartasuna azpimarratuz. Bi besoen bat-egite nahiak, bi herriek etorkizunera begira proiektu amankomun bat partekatzen jarraitzeko sinbolismoari egiten dio erreferentzia".

Hainbat sorpresa izango ditugu ikuskizunean. Horietako bat, VAgera herri bat ikuskiuna gertutik bizitzeko eta ikusteko aukera izango da. Kaleko ikuskizun bat bailitzan, ikusleak kantxan bertan egon ahal izango dira dantzari, musikari, aktoreekin… batera, ikuskizuna lehen pertsonan biziz. 200 pertsonentzako aukera izango da, beste guztiak harmailetan ipiniko direlarik.

Amasa-Villabonako Udaletik amasar eta billabonatarren identitatea indartzeko balioko duen kontzertu garrantzitsu honetan parte hartzera animatzen da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!