Txermingo aparkalekua birmoldatuko du udalak eta parke bat estali

Tolosaldeko Ataria 2019ko api. 4a, 19:58

Amasa-Villabonako Maiatzaren 1eko parkea estaliko dute, kirol eta aisialdi gune bat sortuz, eta aparkalekuan zenbait ibilgailuren sarrera mugatuko dute, ingurunea egokituz.

Parkea estaltzeko modu «moderno eta dinamikoa» erabiliko dute Maiatzaren 1eko parkean, Gipuzkoako beste herri eta hirietako ereduari jarraituz. Maite Izagirre alkatearen esanetan, «herriak estalita dagoen jolasleku bat behar du», eta horregatik erabaki dute, kiroldegi atzean dagoen parkea estaltzea. 82.000 euro bideratuko dira lan horietara, eta gune horren segurtasuna azpimarratu du alkateak: «Errepidetik urrun dago, eta familiei kiroldegira joateko aukera ematen die, umeak parkean utziz, gertu eta seguru».

Umeentzako parkea estaltzearena lehenengo urratsa izango da, udal gobernuak esan duenez, helburua izango baita herri erdian kirol eta aisialdi gune bat sortzea. Horretarako, hurrengo hilabeteetan, bolatokiaren ondoan dagoen gunea berrituko dute, «beste kirol arloetako jokoek lekua edukitzeko, edota, anfiteatroa dagoela ikusirik, harmailak ipintzeko». Lurrean iltzatuta egongo ez diren umeentzako joko pedagogikoak ere jarriko dituzte. Proiektu orokor hori egiteko, «araututako prozesu parte hartzaile bat» egingo dutela hitz eman du alkateak.

APARKALEKU BERRITUA

Gaur egun, aparkaleku mistoa da Txemingoa, kamioi eta kotxeentzat. Izagirrek aitortu du, arazoa dagoela herrian aparkalekuekin, eta astebukaeretan oraindik ere gehiago nabarmentzen dela. Arrazoiak zerrendatu ditu: «Karabanekin datozen hainbat familiaren egonleku bilakatzen da; zenbait garraio enpresak bertan uzten dituzte euren atoiak, denbora mugagabez; obretako edukiontziek karga eta deskarga lanak egiten dituzte, inolako kontrolik gabe; eta herrikoak ez diren kamioien aparkaleku bilakatu da, bertan aparkatzen duten %90 kanpokoak baitira».

Egoerari aurre egin eta konponbideak eskaintzea da udalaren eginkizuna, alkatearen esanetan. Horregatik, «herritarren benetako beharrak besteen aurretik jarriz», aparkaleku proiektu berri bat garatu dute, hurrengo hilabeteetan martxan jarriko dutena. Egitasmoaren xehetasunak eman ditu Izagirrek: «Doako aparkalekua izango da, kotxe eta furgonetentzat; galibo baten instalakuntza jarriko dugu, zenbait ibilgailuren sarrera ekiditeko; aparkalekua asfaltatuko dute, eta lerroak pintatu; argiztapena hobetuko dugu, eta pertsonentzako pasabideak jarriko ditugu; desgaitasuna dutenentzat aparkaleku gehiago jarriko ditugu, eta zerbitzuak hobetu».

Autoentzat aparkaleku plazak biderkatuko dituen proiektu bat aurkeztu du Amasa-Villabonako Udalak eta, bide batez, «hirigintza aldetik kalitatea irabaziko duen gune bat» izango dela aipatu du. Alkateak bereziki azpimarratu nahi izan du, ez dituztela herriko kamioizaleen beharrak alde batera utziko, eta haien arazo zehatzak aztertu eta konponbideak aurkezteko lan mahai bat sortuko dutela.

Txermingoa da herriko aparkalekurik handiena. Errebote plazatik bost minutura dago eta, gaur egun, bertan egoten diren kamioi, atoi eta edukiontziek eragiten dute, bizilagun askok eta askok bertan autorik ezin aparkatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!