Oriamendiko etxebizitza soziala inauguratu dute

Tolosaldeko Ataria 2019ko api. 4a, 19:59

Etxebizitza bat prestatu dute Villabonan, etxea galdtzearen edo elkarbizitza arazo larri baten ondorioz, egoera kritikoan dauden familiek egun batzuk bertan pasatu ahal izateko.

Villabonako Oriamendi 6an dagoen etxebizitza bat berritu du udalak, etxebizitza sozial bilakatzeko. Etxea galdu izanaren edo elkarbizitza arazo larri baten ondorioz, egoera kritikoan dauden eta adin txikikoak dituzten familiak hartzeko prestatu dute. Joan den astean inauguratu zuten, eta Maite Izagirre alkateak eta Maria Luisa Arija eta Arantxa Lopez zinegotziek eman zituzten etxearen inguruko azalpenak.

Berritu duten etxebizitzak 50 metro karratu ditu: bi logela, bata literekin eta, bestea, birentzako ohearekin, sukalde-egongela bat eta komun bat. Etxetresna elektrikoak ere jarri dituzte, adibidez, hozkailua, labea, garbigailua eta telebista.

Larrialdi eta denbora baterako etxebizitza da eta, horregatik, egonaldiak gehieneko iraupena izango du. Etxebizitza horretarako eskubidea, honako kasu hauetan daudenek izango dute, besteak beste: judizialki etxea galdu dutenek, bai ordaintzeko errekurtso ekonomikorik ez dutelako, bai etxeko jabeak izan ditzakeen beharrek eraginda edo antzekoengatik; udal deklarazio bitartez etxebizitza erortzeko zorian dagoela frogatzen den kasuetan; katastrofe, sute, uholde edo antzeko fenomenoengatik etxebizitzarik gabe geratzeagatik; tratu txar fisiko nahiz psikikoen ondorioz, familia erlazio bat mantentzea ezinezko denean; eta bestelako hainbat larrialdi egoerengatik.

Etxebizitzarako eskubiea izateko arrazoiak gizarte zerbitzuetako profesionalek baloratuko dituzte, eta haiek emango dute agindu teknikoa, etxebizitza sozialera sartzeko aukera dagoen edo ez azaltzeko.

Maite Izagirre Amasa-Villabonako alkateak azaldu duenez, «hainbat arrazoirengatik, urteak geldi zeramatzan ideia bat berreskuratzeaz gain, beharrezkoa zen ekimen bat garatu dugu». Amasa-Villabonako herritarren beharrak asetzeko ideiarekin eman dute proiektua aurrera: «Ikuspegi humanistikotik, gizarte zerbitzuek guztion ongizatea helburu izateaz gain, behar gehien dituzten pertsonen arreta lehenetsi behar dute».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!