Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera "lotsagarria" salatu dute

Ataria 2019ko martxoaren 29a

Villabonako erresidentziako familia eta erabiltzaileak kalera irten dira gaur, "kalitatezko zerbitzu baten alde".

Gipuzkoako Foru Aldundiak Hirugarren Adinekoen egoitzen gatazkaren aurrean hartu duen jarrera "lotsagarria" iruditu zaie Villabonako erresidentziako erabiltzaile eta hauen familiei: "Zaintza zerbitzuak kalitatezkoak izan behar dira. Baina gaur egun diputazioak gure senideei egoitza hauetan eskaintzen dieten arreta ordu eta 32 minutukoa da egunean, eta nahikoa iruditzen zaio. Guri ez ordea! Kalitatezko arreta bat jaso ahal izateko ratioak handitzea ezin bestekotzat jotzen dugu". 

Alde batetik, zerbitzu publikoaren defentsan irten dira gaur kalera Villabonan. Elkarretaratzea eta manifestazioa egin dituzte, eta egoitzako langileei euren babesa azaldu diete: "Villabonako egoitzako langileek 36 egun daramatzate lan baldintzak hobetzeko greban. Guk langileak babesten ditugu, argi dugulako zerbitzuaren kalitatea eta gure helduek jasotzen duten arreta langileen lan baldintzei lotuta daudelako. Ez dago zerbitzua hobetzeko aukerarik langileen lan baldintzak hobetu gabe".

"Dirua itzultzeko!"

Grebagatik zerbitzu minimoetan daude egun Villabonako egoitzan. Ondorioz, egoiliarrek zerbitzuen %70a jasotzen dutela adierazi dute hauen senideek. "Foru aldundiak Villabonako egoitza kudeatzen duen enpresari %100 ordaintzen dio. Guk, familiok, %100 ordaintzen dugu eskaintzen ari ez diren zerbitzu batengatik. Enpresa gure kontura aberasten ari da. Greba egun bakoitzagatik dagokigun %30 itzultzeko eskatzen dugu, eta ondorengo 27 greba egunetan jasoko ez dugun arreta ez lapurtzeko eskatzen dugu", gaineratu mobilizazioan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!