Udalak Lurgatzekin duen harremanaz aritu dira bilkuran

Ataria 2019ko mar. 28a, 15:14

Amasa-Villabonan, asteleheneko osoko bilkuran, talde feministarekin duen harremana berreskuratuko ote duen galdetu zion, EH Bilduk, alkateari.

Amasa-Villabonako Udalak frankismo osteko lehen hauteskunde libreetan zinegotzi ateratako lehenengo bi emakumeei egindako omenaldian, aitortza jaso zuenetako batek, Arantxa Sorondok, eskaera egin zien, gaur egun udalbatza osatzen duten sei emakume zinegotziei: «Arazo hau gainditzeko bidea bila dezazuen animatzen zaituztet». Lurgatz talde feministarekin Amasa-Villabonako Udalak duen aferaz ari zen.

Nora Urbizu EH Bilduko zinegotziak, asteleheneko ohiko osoko bilkuran, Maite Izagirre alkateari galdetu zion, Sorondok egindako dei horri erantzunik emango ote dion. «Guk ez dugu harremana eten», erantzun zuen Izagirrek: «Lurgatz taldeari ez zaio inongo aterik itxi. Gu prest gaude hitz egiteko, baina beste talde guztiei jarri zaizkien baldintza guztiak bete behar dituzte».

IFK, elkartearen eratze akta eta estatutuak aurkeztea da udalak elkarteei eskatzen diena, edozein motatako lankidetzarako baldintza gisa. Asteleheneko osoko bilkuran udaleko idazkariak jakinarazi zuenez, Lurgatz taldeak, dagoeneko, aurkeztuak ditu, erregistroan, eskatutako dokumentuak. «Niregana ez da ezer iritsi, inork jakinarazten ez badit, nola jakingo dut nik aurkeztu dituztela?», esan zuen alkateak.

Izagirrek ez zuen zuzenean argitu, Lurgatzekin harremana berreskuratuko duen, nahiz eta EH Bilduko Nora Urbizu, Arantxa Lopez eta Leire Olasagasti zinegotziek eskaera hori luzatu zioten. «Iruditzen zaigu zure aldetik pauso egokia litzatekeela, bizikidetza berreskuratzeko. Eta, zuk egiten ez baduzu, guk egingo dugu, emakume eta zinegotzi bezala, Sorondok guri ere deia egin zigulako. Arazoa denona da, eta saiakera egin behar genuke. Merezi dute, haiek, guk eta datozenek».

Amasa-Villabonako EH Bilduko udal taldeak, era berean, udalak argitaratu duen gizarte zerbitzuen gidan erabilitako hizkuntzaren inguruko kritika egin zuen. «Uste dugu, udalak gaitasun murritzagoa duten pertsonak, ezin dituela 'elbarri' edo'diskapazitatu' bezala izendatu. Hitz horiek soberan daude. Gaur egun maila teorikoan eta udal administrazioaren eremuan bestelako terminologia bat erabiltzen da, eta aniztasun funtzionalaz hitz egiten da, izan fisikoa edo ez. Hemen, 'kapazitismoa' egin da, hau da, diskriminazio modu bat», esan zuen Urbizuk. Horrenbestez, udalak argitaratu duen gidan, terminologiari buruzko zuzenketa bat egitea eskatu zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!