Hilabeteko epean amaitu daitezke Errebote plazako lanak

Jon Miranda Labaien 2019ko mar. 27a, 19:58

Errebote jokoaren testuinguru historikoaren erreferentzia eginez erakusketa iraunkorra jarriko dute plazan, «jokoak eduki duen garrantzia azpimarratzeko»

Martxa onean doaz Villabonako Errebote plaza berritzeko lanak. Epeak betetzen ari dira, oraingoz lanak aurreikusitako moduan gauzatu dituzte eta Maite Izagirre alkateak aurreratu duenez, Aste Santuaren ondoren plaza bukatuta egon daiteke. Proiektuaren «seriotasuna» erakusten du horrek alkatearen ustetan, eta proiektua idatzi dutenen eta lanak burutzen ari den enpresaren arteko koordinazioa «guztiz egokia» dela adierazi du alkateak.

Plazaren alde batean zegoen harri horma eraistea izan zen garatutako lehen ekintzetako bat eta horrek plazari itxura «zabalago eta irekiago» bat ematen diola nabarmendu du Izagirrek. Momentu honetan, zoladura berria ari dira jartzen eta Behar Zana elkartearekin eta alderdi politikoekin adostu da plazako hormek eta udaletxeko fatxadak izango dituzten koloreak. «Marroiak izango dira frontoiko hormak eta udaletxeko fatxadak krema kolorea eramango du, plaza osoari batasun kromatikoa emanez».

ERREBOTEAREN TESTUINGURUA

Herritarren parte hartze batzordean herritarrek egindako ekarpenak txertatu dituzte proiektuan. Besteak beste, «motxa» izenez ezaguna den frontoi txikiko eremua berregokitu eta konpondu da, eta gaur egun, ikurrinaren aldeko pintaketa dagoen paretaren balioa areagotuko da. Baina batez ere, errebote jokoaren testuinguru historikoa gehitu zaio eraberritze proiektuari, alkatearen esanetan, «gure ondare kulturala delako, gure herriari singulartasun berezia ematen diolako eta amasar eta billabonatar guztion sinboloa delako».

Herritarrek egindako proposamenak jaso, Behar Zana elkartearen zuzeneko parte hartzearekin kontrastatu eta Dani Carballo arkitekto eta frontoietan aditu denarekin borobildu da lana. Testuinguru historiko-kulturala jasoz ikerlariak egin duen txostena joan den ostiralean udal talde politikoei aurkeztu zitzaien eta gaurtik aurrera, udaleko web orrian eskuragarri izango dute herritarrek.

Plaza eraberritzearekin batera, erakusketa iraunkor bat jarriko da eta Carballok azaldu duenez, helburua, «plazaren garapenean, errebote jokoak eduki duen garrantzia azpimarratzea izango da». Jon Chavarri arkitekto doktorearen ikerketan oinarritu da Carballo bere proiektua gauzatzeko eta erakusketan, jokoa bultzatu duten pertsonaia historikoei egingo zaie erreferentzia.

«Irudietako bat Pedo Yarzarena izango da eta bere omenez plazaren albo batean dagoen plaka berrituko da; Gainera, garai bateko harrizko botarria berreskuratuko da eta Teodoro Hernandorena, Karlos Etxenike eta Enrike Abrilen irudiak ere egongo dira ikusgai, errebote jokoari eman dioten laguntza adierazteko. Bukatzeko, Juan eta Blas Garmendiari eta markagailuari ere erreferentzia egingo zaie erakusketan», esan du Carballok. Udaleko arkupeetan jarriko diren paneletan QR kodeak jarriko dira, eta mugikorrarekin informazio guztia «elkarbanatu, sareratu eta mundura zabaldu» ahal izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!