Ikasitako dantzak kaleratzeko eguna

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko martxoaren 23a

Oinkari Dantza Taldeak antolatuta, Dantzari Eguna ospatzen ari dira Villabonan. Goizean, dantza eskolako haurrek eta gaztetxoek, kalejira egin dute, eta bazkariaren ondoren, erromeria izango da Bide Batez taldearekin.

"Haurrek urtean zehar ikasten dituzten dantzak herritarrei erakusteko aukera ematen du". Horrela deskribatu du gaurko eguna Alazne Gurrutxaga Oinkari Dantza Taldeko kideak. Bera izan da gaurko egunaren antolatzaileetako bat, eta azaldu duenez, 300 bat ikasle izan dira, goizean, dantza desberdinak eskaintzen, herriko plazetan. Ondoren, 13:00ak aldera, Malkar plazan eskaini dute emanaldia ikasle guztiek.

Dantzari Eguna hirugarren urtez ari dira ospatzen, aurten. Eguraldia lagun izan dute goiz osoan zehar, eta horrela mantenduko da egun osoan zehar. "Azken urteetan, eguraldi txarragatik, kiroldegian ospatu behar izan dugu egun hau, baina aurten, zortea izan dugu, eta borobila izaten ari da".

Orain, Bearzana pilotalekuan ari dira bazkaltzen, haur, heldu, irakasle eta gurasoak. Festa giroak, arratsaldean ere jarraituko du Villabonan. Izan ere, 16:30eatik aurrera, erromeria izango da Bide Batez taldearen eskutik, pilotalekuan bertan. "Bertaratzen diren guztiek izango dute dantzatzeko aukera".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!