Aranerreka eta kiroldegi atzealdean baranda berriak jarri dira

Ataria 2019ko martxoaren 21a

Osatuz planarekin, Etxeondo auzoarekin duen "konpromisoa" bermatuz jarraitzen duela aipatu du udalak.

Administrazioaren azkeneko baimenak lortu ondoren, egurrezko baranda bat jartzeko lanak amaitu dira Etxeondo auzoko Aranerrekako ubidea bideratzen duten hormen gainean. Egurrezko estruktura, N-1eko mugatik autobiaren lur azpiko igarobideraino ipini da. Ekintza honekin, segurtasun handiagoa bermatzeaz gain, itxura estetikoa hobetu du.

Horrez gain, kiroldegiaren atzealdean, Legarretako zubitik Remi Ayestaran pasealekuko hesi metalikoraino dagoen ibilbidean ere egurrezko estruktura berri bat jarri da, Oria ibaiko ubidearen ziurtasun ezak sortzen dituen egoerak saihesteko.

Osatuz Herrigintza planaren barruan sartzen den ekintza bat da eta Montajes Garra S.L. enpresa zizurkildarra izan da lanak egitearen arduraduna, 18.214 euroko (BEZa barne) aurrekontuarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!