Kultur egitarau oparoa asteburu honetan

Ataria 2019ko martxoaren 20a

Toti Martinez de Lezea idazlea ariko da ostegunean; Larunbatean Dantzari Eguna ospatuko du Oinkarik; eta igandean Ertza antzerki taldeak Janeten Titia eskainiko du Gurean.

Kultur egitarauak kalitatezko kultur askotariko ekitaldiak eskainiko ditu aste honetan ere. Kronologikoki, lehenengo hitzordua Toti Martinez de Lezea idazle gazteiztar arrakastatsuarekin izango da, ostegun honetan, hilak 21, AV 400 “2 herri, helburu bat” hitzaldien zikloen barruan eskainiko du hitzaldia, Subijana etxean, 19:00etan, Gure herriko emakumezkoen iragana izenburupean.

Bi egun beranduago, euskal dantzak izango dira protagonistak Dantzari Eguna ospatuko baita. Goizeko 11:30etik aurrera, herriko kaleak kolorez eta dantzaz beteko dira; 13:00etan, Oinkari dantza eskolako dantzariak Malkar plazan jardungo dira eta Behar Zana frontoian burutuko den herri bazkariaren ondoren, erromeria izango da leku berean, Bide Batez erromeri taldearen eskutik.

Eta kultur aste honi amaiera emateko, Ertza antzerki taldeak Janeten titia euskarazko antzerkia aurkeztuko du martxoaren 24an, Gurea Zinean, 19:30ean. Bertan, normala denaren eta ez denaren inguruko hausnarketa interesgarria egiten da; nola gizarteek normal kontzeptuarekin modu subjektiboan jokatzen duten, askotan beraien interes propioko kriterioak ezarriz. Eszenaratze interesgarri eta dinamiko hau, 2018ko DFeria, Donostiako antzerki feria, entzutetsurako aukeratua izan zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!