Asteazkenetik igandera, kultur ekitaldi ugari Amasa-Villabonan

Tolosaldeko Ataria 2019ko mar. 12a, 11:41

Aste honetan, mota desberdinetako hainbat ekintza kulturalez beteta iritsiko da Amasa- Villabonako agenda kulturala. Kultur sailak askotariko publikoaren gustukoa izatea espero du.

Asteazken honetan, hilak 13, irakurketa dramatizatua egingo da Subijana etxean eta Bernardo Atxagaren ardura izango da Jose Kruz Gurrutxaga aktorearen laguntzarekin. Irakurketa honetan, Asteasuko idazleak, euskal literaturaren inguruko hitzaldia eman zuen Martuteneko kartzelan bizitako esperientziaren inguruko narrazio berezia egingo du. Hitzordua arratsaldeko 19:30etan eta doako sarrera izango du.

Ostegunean, hilak 14, Amasa eta Villabona batu ziren 400.urteurrenaren ospakizunaren harira antolatutako ekintzen artean programatutako hitzaldi historikoen bigarren jardunaldia burutuko da. Kasu honetan, EHUko irakasle den Iosu Etxezarraga izango da hizlaria eta Amasa eta Villabona Erdi Aroan organizazioaren ikuspegitik tituludun hitzaldia eskainiko du. Erromatarren Inperioaren gainbeheratik Gipuzkoako lehen hiribilduak sortu bitartean igarotako zortzi mendeetan eremu honetan gertatu ziren aldaketak aztertuko diren topaketa izango da. Hitzaldiaren lekua Subijana etxea izango da oraingo honetan ere arratsaldeko 19:00etan.

Eta egun bat bera ere galdu gabe, ostiralean, hilak 15, “Fabiolo Connectionene” eskutik izango den antzerkiaren tartea izango da. Goi-gizarteko “Mora y Lieja-ko” Fabiolo pertsonaiak protagonizatutako umorezko monologoa da. Rafael Maza aktoreak, Sotogrande urbanizazioko pertsonaia pijo bati emango dio bizia eta aktualitatearen errepaso umoretsua egingo du estilo fresko eta lotsagabe baten bitartez. Antzerkia Gurea zinean aurkeztuko da  20:30ean eta sarrerak 2 euroko kostua izango du.

Eta astea amaitzeko, larunbat eta igandean, gazte eta nerabeen tartea izango da EITB- 1eko “Goazen!” programatik sortutako antzerkia izango baita Gurea Zinean. Honako hauek dira ordutegiak. Larunbata 16, 16:00etan eta 19:00etan; igandean 17, 12:30ean eta 17:00etan. Aldez aurreko sarrerek 10 euroko kostua izango dute eta ohiko lekuetan erosi ahalko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!