Udal gobernu taldeak, "oso balorazio positiboa" egin du Emakumeen Nazioarteko Egunari lotuta udalak antolaturiko ekimen programa zabalari buruz eta emakumeek lidergoa hartuta garaturiko beste ekintza batzuei buruz.
Herritarren parte hartzea ostegunean ospatu zen batukada feministan eta larunbateko ipuinen kontaketan "onak" izan ziren udal gobernuaren iritziz eta herriko zuhaitzak oihal ezberdinez apaintzeko ekimen sinbolikoak "herriko belaunaldi berriak berdintasunaren borrokarekin erabat konprometituak daudela agerian utzi du". Udal gobernuaren ustetan konpromiso horren adibide da, emakumeek greban parte hartu izana, ostiraleko mobilizazio jendetsuetan.
Alkatetzatik aipatu dutenez, udalak "politika aktiboa" jarri du martxan martxoaren 8aren bueltan eta larunbatean Amasa-Villabonako lehen bi emakume zinegotziei (Bittori Zeberio eta Arantxa Sorondo) egin zitzaien "omenaldi hunkigarria" ere goraipatu du.
Honegatik guztiagatik egin du udalak "balorazio positiboa" ostiraleko parte hartze jendetsuaz, "gehiengo handi batek modu zibiko eta baketsuan garatu duelako eta urtetik urtera emakumeen eskubideen aldeko mugimendu plural eta transbertsala errotzen joan delako".
Pintaketen inguruko iritzia
Ostiralean hainbat gunetan agertu ziren pintaketei dagokionez, udal gobernuak zera esan du: "Hainbat sektorek mobilizazioen joan-etorria zikindu nahi izan du herriko hainbat gune pribatu eta publiko pintadekin hondatuz". Pintaketa hauek egiten dituztenei ere ohartarazpena luzatu diete udal gobernutik: "Kontuan hartu beharko lukete, historikoki gizonen ohitura ankerrak errepikatu besterik ez dituztela egiten eta herriko emakumeei ekonomikoki galerak sortzen dizkietela, euren zergekin pintadak ezabatzeko lana ordaindu behar izaten dute eta". Amaitzeko feminismoa ez dela sekula "modu negatiboan" garatu behar azaldu dute alkatetzatik.