Behar Zanako hiru bikote Gipuzkoako txapeldun

Ataria 2019ko martxoaren 11

Behar Zana taldeko pilotariek Gipuzkoako binakako trinkete txapelketako lau final jokatu zituzten larunbatean, hirutan txapela jantziz.

Irurako trinketean, goizean, kadeteen finalak jokatu ziren eta Iraola-Jauregi bikoteak 40-14 galdu zuten beraien partida, beraz, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten.

Leporaino betetako Irurako trinketean ere, arratsaldean jokatu ziren hiru finaletan berriz Behar Zana izan zen nagusi. Eskuz binaka nagusien 2. mailako finalean Lizaso eta Urbietak 40-30 irabazi zuten Taberna-Aranburu EPLEko bikotearen aurka. Partida polita, gogorra eta borrokatua izan zen eta ordu eta laurdeneko lehiaren ondoren, txapela eta 1. mailan jokatzeko txartela lortu zuten.

Ondoren, 1.mailako finala jokatu zen eta Maiz-Guruzealdek, 40-37 irabazi zuten Loitegi-Esnaola Urnietako bikotearen aurka. Partida oraindik estuago eta borrokatuagoa izan zen hau. Tanto bikainak ikusi ziren eta pilotazaleak pozarren geratu ziren ikuskizunarekin.

Jaialdiko hirugarren partida xare finala izan zen, nagusi mailan hau ere, eta Lopetegi-Moncada Behar Zanako bikoteak 40-22 erraz irabazi zuten Irurako Ametsako ordezkari Apeztegia-Sainzen aurka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!